Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, Ermuko saihesbidearen bigarren fasea eraikitzeko Interbiak enpresarekin sinatutako kontratuaren aldaketaren benetako arrazoiak azal ditzan. Aldaketa horren ondorioz, obra egiteko kostuak 261.208,75 €-ko igoera izan du, egikaritzeko epea 24 hilabetez luzatzen baita; beraz, lanak ez dira 2029ko ekainera arte amaituko.
Batzarkide-talde subiranistak jakin nahi du, halaber, zergatik ez ziren antzeman, bere garaian, hirigintza-plangintzarekiko desorekak, kontratuaren aldaketan argudiatzen den bezala, bai eta berrikuspena eragin duten hirigintza-plangintzako aldaketa zehatzak ere. Horrez gain, EH Bilduk Carlos Alzaga diputatuari eskatuko dio aldaketaren ondorioez arduratzeko, baita etorkizunean atzerapen edo gainkostu berririk egongo ez den bermeak emateko ere.