Ezer baino lehen, Justizia Anderrentzat Plataformari eskertu nahi diogu gertatutakoa argitzeko egiten ari den lana. Herri-mugimenduaren lanari esker dauzkagu ekainaren 22an Santurtzin gertatutakoari dagozkion irudi argiak baino ezin argiagoak. Gure ustez, poliziaren esku-hartze baten ondoren Anderren heriotzarekin gertatu dena eta gertatzen ari dena eskandalu hutsa da.
Azken albisteek, Osakidetzak emandako datuek eta Anderrentzat Justizia Plataformak publiko egin duen bideoak erakusten dute egun hartan Santurtzin gertatutakoa erabat tokiz kanpo egon zela, gure herriko poliziaren jokabidea izan beharko lukeenetik urrun, oso urrun.
Gero eta agerikoagoa da mediku-taldeari ez zitzaiola eman taser pistolaren erabileraren berri. Horrela erakusten dute Osakidetzak emandako erantzunek, eta ekintza bortitz batean ezinbestekoa da osasungintzako langileei horren berri ematea. Gainera, bideoan indarraren neurriz kanpoko erabilera
ikusten dugu, Ander lurrean menderatuta eta inmobilizatuta zegoenean ere bai. Labur esanda, orain arte izan dugun informazioarekin, ekintza hura astakeria hutsa izan zela esan behar dugu, zoritxarrez modurik txarrenean bukatu zen astakeria: Ander bi egun geroago hil zen Gurutzetako ospitalean.
Aurreko guztiagatik, EH Bildutik Santurtziko alkatea den Itziar Carrocerari, EAJko Gobernu-Taldeko buruari, zuzenketa publikoa eskatu behar diogu, barkamena eskatu dezala Anderren heriotza eta egun batzuetara egindako adierazpen ofizialengatik, Hiri-Segurtasun Zinegotziak, Imanol Urrutxuak, publikoki adierazi zuenean ez zegoela inolako seinalerik udal poliziak jokaera desegokia izan zuela eta ekintzari erabateko babesa erakutsi zionean.
Gaur arte dugun informazioa kontuan izanda, argi dugu gobernuan dagoenak esandakoa zuzendu egin behar duela, Anderrentzako justiziagatik eta familia eta lagunei erreparazioan laguntzeko.
Horrez gain, EH Bilduk hasiera-hasieratik egindako eskaera batek erantzunik gabe jarraitzen duela gogoratu beharrean gaude: Udaleko barne bideetatik ikerketa-espedientearen irekiera. Momentu hartan Gobernu-Taldeak jakinarazi zuen kasua Eusko Poliziaren kontrol eta gardentasun komisioaren esku jarriko zela, baina hiru hilabete beranduago ez dago horren inguruko inolako berririk; denbora aurrera doa eta gero eta aukera gehiago daude barne-prozedurak preskriba daitezen.
Horregatik guztiagatik, iniziatiba hartu beharra dago, are gehiago Justizia Anderrentzat Plataformari esker ezagutu ditugun irudien krudelkeria eta larritasuna kontuan izanda. Prozesu judizialean izango diren ondorioak albo batera utzita, gure erakundetik neurriak hartu behar direla uste dugu, eta, irudiak ikusita, ezinbesteko jotzen dugu diziplina-espedienteen irekiera eta inplikatutako agenteen kautelazko etetea.
Horrela egin ditzakegu urratsak Anderren familia eta lagunen erreparaziorako eta hau bezalako gertaerarik berriro gerta ez dadin.