AKTUALITATEA


| 2020-01-25 10:34:00

Aldundiak Nazioarteko Ekintzailetza Zentroaren kudeaketarako inolako eskaintzarik ez jasotzea kezkagarria da eta proiektua abian jartzeko moduaren ondorio zuzena da, EH Bilduren ustez.


Arantza Urkaregi batzarkideak adierazi duenez, “planteatu den kudeaketa eredua oso kezkagarria da. Aldundia itsu-itsuan joan da kanpoko elitezko kudeatzaile baten bila. Bertako baliabideen artean aukera bilatu beharrean”.

 

Horretaz gain, zentroa kudeatzeko baldintza oso gogorrak jarri zirela aipatu du Urkaregik. “Urrian Ekonomia Sustapenerako diputatuari esan genion jarritako baldintzekin elite-elitezko kudeatzaile baten bila ari zirela eta hemengo enpresei ateak guztiz ixten zitzaizkiela. Denborak arrazoia eman digu”.

 

Izan ere, EH Bilduren ustez, proiektua teilatutik hasi du Aldundiak. “Kudeatzailearen bila hasi dira proiektuaren helburuak ondo finkatu gabe. Proiektu honek sakoneko hausnarketa bat behar du”, azpimarratu du batzarkideak.

 

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren batzorderatzea

 

Egoera honen aurrean, EH Bilduk Ainara Basurko diputatuaren batzorderatzea eskatu du. EH Bilduk argitu nahi du nola baloratzen duen Aldundiak inolako eskaintzarik jaso ez izana, zeintzuk izango diren orain emango dituen urratsak eta zein izango den ekintzailetza zentroa abian jartzeko epe berria.