AKTUALITATEA


| 2026-06-25 18:09:00

Galdakaoko Udalak osoko bilkuran onartuko etxez etxeko laguntza zerbitzua berriro udalaren esku jartzea onartu du. Hartutako erabaki honek mugarri bat ezartzen du zaintzen arloan, eta erakusten du tokiko erakundeek pertsonen bizi-baldintzak eraldatzeko gaitasun erreala dutela.

EH Bilduren ustez, Galdakaon onartu den neurria ez da soilik kudeaketa-eredu baten aldaketa. Zaintza sistema publiko, komunitario eta duin baten alde egiteko apustu estrategikoa da.

Galdakaoko Udalak zuzenean kudeatuko du zerbitzua, eta 35 langile subrogatuko ditu —34 etxez etxeko laguntzaile eta gizarte langile bat—. Langile horiek udaleko langile finko bihurtuko dira, eta, gainera, Udalhitz hitzarmenaren baldintzetara hurbiltzeko pausoak emango dira, oro har sektore feminizatu batean lan-baldintzak eta soldatak nabarmen hobetuz.

Era berean, langileei udalaren kontziliazio neurriak aplikatuko zaizkie, haien lanpostuen ezaugarriek ahalbidetzen duten neurrian. Horrek beste hobekuntza sozial eta laboral ugari ekarriko dituelarik.

EH Bilduk azpimarratu du zaintzen inguruko politika publikoek ezin dutela merkatuaren logikaren menpe egon. Galdakaok kontrako norabidea hartu du: zaintzak eskubide gisa ulertu eta administrazio publikoaren lidergoa indartzea hain zuzen ere.

Zerbitzuaren hobekuntzak erabiltzaileengan ere izango du eragina. Gaur egun, etxez etxeko laguntza zerbitzuak 160 pertsona ingururi ematen die arreta zuzena, nahiz eta haren eragina askoz zabalagoa izan, familiei eta zaintza-sareei ere eragiten dielarik.

Arreta orduak handituko dira, dependentzia graduaren arabera zerbitzuaren intentsitatea areagotuko da eta “Grado III+” delakoa sortuko da. Horren bidez, mendekotasun egoera handiena duten pertsonek hilean 94 ordura arteko arreta jaso ahal izango dute.

Bestalde, lehen aldiz, nahi ez den bakardadearen aurkako borroka zerbitzua ere helburuen artean txertatuko da. Bakardade egoeran dauden pertsonak identifikatzeko eta laguntzeko neurri zehatzak aurreikusten dira, baita isolamendua eta gizarte-bazterketa prebenitzeko ekintzak ere.

Araudi berriak etxez etxeko laguntzaileek egindako ekarpenak ere jaso ditu. Horien artean, zerbitzu guztiek gutxienez ordubeteko iraupena izatea, oporraldi eta jaiegunetarako arreta-plan bereziak ezartzea eta egoera zaurgarrienei arreta bermatzea nabarmendu daitezke.

Alderdi subiranistaren ustez, Galdakaon onartutako neurriak zaintzak gastu gisa ulertzen dituen ikuspegia gainditzen du. Horren ordez, etorkizuneko gizarte-inbertsioan eta ongizate-oreka berri batean oinarritutako eredua proposatzen du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Galdakaoko udal gobernuaren lana eta konpromisoa aitortu nahi ditu. Onartutako erabakiak bestelako politika publikoak egitea posible dela erakusten duelako: zaintzak erdigunean jarriz, zerbitzu publikoak indartuz eta pertsonen duintasuna lehenetsiz.