AKTUALITATEA


| 2026-01-27 10:26:00

Meatzaldera iritsi da EH Bilduk Bizkaiko Bira ekimena, Bizkaiko herritarren ekimenak, proiektuak eta arazoak bertatik bertara ezagutzeko.

 

Iker Casanova EH Bildu Bizkaiko bozeramaileak adierazi duenez, «Meatzaldea ezin da izan Bizkaiko atzeko patioa, beste gune batean nahi ez diren proiektuak ekartzen diren tokia, eta ezin da logistika gune huts bihurtu. Ekintza instituzional bat behar dugu, eskualdearen garapen sozioekonomiko integralaren aldeko ekintza bat, etorkizun sendoagoa emateko, Meatzaldean bizi den jendearentzako bermeekin. Eredu ekonomiko sendoa behar dugu, industria aurreratuan oinarritua, bizi-kalitatea berreskuratzeko».

 

Bestalde, Sergio Monedero Abantoko zinegotzi subiranistak gaineratu duenez, «EH Bildun gero eta indartsuago gaude. Meatzaldeko oposizioko bigarren indar gisa, gobernu-taldeen fiskalizazio-lana egitea dagokigu, baina aldi berean gero eta errealagoa den alternatiba gara, proposamenak, lidergo partekatuak eta gobernu-talde hauetan ikusten ez dugun ilusioa eta ekimena dituena».

 

Eskualdeko indar subiranistaren militantzia eta ordezkari instituzionalek, Nahia Sanz Bizkaiko arduradun politikoa; Izaskun Duque, Rakel Goñi, Raúl Méndez batzarkideak, aipatutako Iker Casanova eta Diana Urrea legebiltzarkidearekin batu dira egunotan eta Meatzaldeko eragile ekonomiko eta sozialekin batera, lan, ekonomia, mugikortasuna, gobernantza eredua edo pertsona migratzaile eta errefuxiatuei zuzendutako proiektu komunitarioen inguruko esperientziak partekatu dituzte.

 

Amazoneko langileen eskutik, EH Bilduk eskualdeko ekonomiak eta lan-jarduerak jasaten duten tertziarizazioa aztertzeko gakoak bildu ditu. Hautetsi subiranistekin harremanetan jarrita, mugikortasunarekin lotutako aurrerapenak eta proposamenak aztertu dira Trapagaranen. Abanton, bestalde, EH Bilduko hautetsiek Martin Etxea bisitatu dute, migratzaile eta errefuxiatuentzako harrera gunea.

 

EH Bilduk Meatzaldean egindako bira Gallartako Ekoetxean ere gelditu da, eta bertan dauden ekipamenduak eta erakusketa bisitatu ditugu.