AKTUALITATEA


| 2026-02-25 12:20:00

EH Bilduk etsipena agertu du gaur Lemoizko zentral nuklearraren espaziorako etorkizuneko planen inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak duen ekimen faltagatik. Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran, Iker Casanova alderdi subiranistaren bozeramaileak galdetu dio Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuari zer egitea aurreikusten duen foru erakundeak zentralaren eremuan, ekonomiaren, memoriaren, ingurumenaren eta lursailak berreskuratzearen arloetan, hori guztia Bilbo Metropolitarreko LPPn zehazten den moduan, «Eusko Jaurlaritzak zerbait egin arte itxaroteaz haratago».

 

EH Bilduren galdera, Uribe Kostako eta Uribe Butroeko alkateek, manifestu publiko batean, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Basordasko kalan dagoen espazioaren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte-hartzaile bat abiaraztea proposatu eta egun batzuetara egin da.

 

EH Bilduk gogorarazi du duela zazpi urtetik Eusko Jaurlaritza dela espazio horren jabea, eta proiektu bakar baten aldeko apustua egin duela. Ostean, beste enpresa-proiektu bati ireki dio atea, eta haren ezaugarriak ere ez dira ezagutzen. Testuinguru horretan, Casanovak adierazi du EH Bilduk ezin duela plan horiei buruzko iritzirik eman, hain zuzen ere horri buruzko informaziorik ez dagoelako, baina esan du «bere garaian Lemoizko zentral nuklearra izango zenaren espazioa ez dela soilik industrialde bat, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak jorratu ez duen dimentsio handiagoa duela. Gainera, prozesu horrek, espazioaren ezaugarri bereziak direla-eta, konpromiso zabala eskatzen du, herritarren borondatea eta erakundeen arteko lana errespetatuz, dimentsio anitzekoa».

 

Ekonomia Sustatzeko diputatuaren hitzaldia entzun ondoren, Casanovak deitoratu egin du Aldundia dagoena azaltzera mugatu izana, «zuek nahi duzuenaz ezer esan gabe». Eusko Jaurlaritzak garatzen dituen enpresa-proposamenei uko egin gabe, EH Bilduk erbakiak hartzean prozesu horizontala planteatzen du. «Azken hamarkadetan zehar -esan du Casanovak- gogoeta asko egon dira, zuek agendan izan ez arren, gutxienez entzun zenitzaketenak. Zentraleko historiari eta espazioari buruzko hausnarketak, kultura-eremuari eta memoriari buruzkoak, inguruneko hausnarketak, inguruko biotopoari buruzkoak».

 

Testuinguru horretan, Iker Casanovak Aldundiari galdetu dio «ea zuek ezin duzuen gidatu, motu propio, hausnarketa-prozesu bat zentralaren espazioa modu integralean nola birbalorizatu erabakitzeko. Baduzue horretarako gainera tresna garrantzitsu bat, izan ere, zuen eskumenen multzotik, lurraldearen antolamenduarena».