Guggenheim Urdaibairen ondorengo fase berri honetan EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan proposatu du, Aldundiak lehentasuna eman diezaiola «Muruetako ontziolaren lekualdaketari, lanpostuen babesa eta enpresa-jardueraren jarraipena bermatuz; eskualdea berroneratzeko eta antolatzeko plan integral bat, eta eskualdeko saneamendu integralaren prozesua burutzea». Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak, halaber, Gernikan egindako osoko bilkuran gaineratu du Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola «gai honetan hartutako konpromisoak bete ditzala».
Nahiz eta EH Bilduren proposamenarekin bat etorri hainbat puntuetan, mozioak Podemosen babesa baino ez du izan, eta EAJren, PSEren eta PPren botoekin atzera bota dute.
Bide batez, EH Bilduk eskatu dio Diputazioari Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin (MITERD) sinatutako hitzarmenaren inguruan negoziatzeko, «museoaren egitasmoa bertan behera geratu arren, adostutako diru ekarpena Busturialdean ingurumena hobetzeko jarduketak egiteko aukera bermatzeko».
Era berean, EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio, huts egin duen museoaren proiektuaren esperientzian oinarrituta, «proiektu estrategikoei aurre egiteko orduan, gobernantza eredu ireki eta partehartzaile bat erabil dezala, eragindako sektore, eskualde eta lurraldeei informazioa, gardentasuna, parte-hartzea eta protagonismoa bermatzeko erabakiak hartzerakoan». Ildo horretan, Casanovak Aldundiari eskatu dio ekin diezaiola «Agirre Center elkarteak antolatutako entzuketa prozesuan jasandako ekarpen guztiak aztertzeko, baloratzeko eta hala badagokio, martxan jartzeko dinamika martxan jar dezala».
EH Bilduk «Busturialdeko Plan Estrategikoa zabaltzeko eta hobetzeko lan egitea» proposatu du, «hausnarketa eta proposamen berriak gehituz, kolektibo sozialek egindako ekarpenak eta lurraldean garatutako entzute prozesuan jasotakoak kontuan hartuta».