Iker Casanova: «EH Bildun ez gaude turismoaren aurka, baizik eta eskaintza turistikoaren hazkunde kontrolik gabearen aurka. Turismoa jarduera ekonomiko garrantzitsua da; hala ere, turismoak pisu gehiegizkoa duen ekonomia ahula da, balio erantsi gutxi sortzen duelako. Gure herrialdea oinarri industrialeko herrialdea izan da eta izaten jarraitu behar du, eta turismoa jarduera ekonomiko horren osagarri hutsa izan behar da.
Turismo eredu kontrolgabea ezartzen ari da Bizkaiko erakundeen oniritziarekin, baina herritarrentzat kaltegarria izaten hasi da. Ikusten dugu ohiko ostalaritza frankizia bihurtzen dela, tokiko merkataritza multinazional handien esku geratzen dela, eta lehen zerbitzu publikorako erabiltzen ziren espazioak turismoaren zerbitzura dauden hotel bihurtzen direla.
Era berean, Bilboko eta Bizkaiko herritarrentzat topagune izan diren espazio asko masifikatu egiten dira eta, azkenean, irisgarritasunik gabeko leku bihurtzen dira. Horregatik guztiagatik, lurralde honetako erakundeei dei egin nahi diegu turismoaren bereizi gabeko hazkunde politika alde batera utz dezaten, gure ondarea eta eraikin garrantzitsuak babestu ditzaten.
Lurralde honek babes ofizialeko etxebizitzak behar ditu, zerbitzu publikoak behar ditu, ekipamendu kultural eta kirol ekipamenduak behar ditu, eta erabilerarik gabe dauden eraikinak herritarren benetako beharrei erantzuteko moduko espazio bihur daitezen behar du.
Turismo politika arrazional batek neurriak berehala hartzea eskatzen du. Sarritan esaten digute ez gaudela beste lurralde batzuk bizi duten masifikazio egoera berean, eta kasu batzuetan egia izan daiteke beste leku batzuek arazo handiagoa izatea. Baina galdera argia da: noiz hasiko dira erakundeak jarduten? Beste lurralde batzuetan iritsi diren itzulerarik gabeko puntura iristen garenean?
Turismo-ostatuak bereizi gabe ugaritzea nahikoa dela esateko unea da. Erabilera turistikoko hotel eta etxebizitza berriak ezartzeko neurri murriztaileak hartu behar ditugu».
Maria del Río: «Turismo-ostatuen kopurua biderkatu egin da Bilbon azken urteotan. Etxebizitza turistikoak ez ezik, hotelen kasuan ere bai: azken bost urteetan hotel-plazak % 40 gehitu dira. Hiri baten ekonomia turistifikazioan oinarritzeak dituen ondorioez ohartarazten ari gara, eta horren adibide ezin hobea da Correosen eraikinaren salmenta. Turismoaren burbuila gehiago puzteaz gain, zerbitzu publikoak kaltetzen dira, Bilboko erdiguneko, Bilbo Zaharreko, Abusuko eta orokorrean Bilbo osoko herritarrei arreta eskaintzen dizkien bulego batzuk ixten baitira.
Turismo-industria elikatzeko, onartezina da zerbitzuak eta eraikinak galtzea. Eta hori da justu gertatzen ari dena: Abandon hotelak egiteko egoitzak itxi dira, Babes Ofizialeko Etxebizitzen etxabeak saldu dira Santutxun apartamentu turistikoak sortzeko, Solokoetxen ezkutuko hotelak egiteko eskolak saldu dira. Eta orain, 1927tik Bilboko Correosen bulego nagusia hartzen zuen eraikina saldu da, ustez luxuzko hotel bat egiteko. Adi egongo gara birkalifikazio-prozesuarekin gertatzen denaren aurrean, eta eraikin honetako elementuak babesten dituzten ondare-txostenak eskatuko ditugu, 2024an jada ez baitzen gomendatzen eraikin honetan hotel bat sortzea. Turismoa gobernatzeko garaia da, batez ere kalitatezko funtsezko zerbitzu publikoak mantendu behar direnean».