AKTUALITATEA


| 2026-03-25 11:15:00

Artigasen erakitzen ari den biometanizazio planta berriari dagokionez, EH Bilduk Batzar Nagusietako kontrol saioan eskatu ditu eraikuntza horren gaur egungo egoeraren azalpenak.

 

Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatuak Raul Mendez EH Bilduko ahaldunari erantzun dio lantegiko lanak maiatzean amaituko direla eta aurreikuspenen arabera berehala hasiko direla martxan. Era berean, diputatuak azaldu du azpiegitura horrek 17 milioi euroko dirulaguntza jaso duela Europako funtsetatik.

 

Mendezek deskribatu duenez, urtean berrogeita hamar tona tratatzeko ahalmena izango du, eta, beraz, gaur egun Bizkaian edukiontzi marroietan biltzen diren hamabi mila tonak baino 4 aldiz gehiago tratatu ahal izango ditu. «Ez gaude biogas-planta bat sortzearen aurka, baina hori ezin da izan hondakin organikoa tratatzeko lehen baliabidea edo aukera nagusia. Zero kilometroko kudeaketa aztertu behar da, eta hori ezinezkoa bada, ezaugarri horiek dituen planta bat baloratu behar da. Baina zuek justu kontrakoa egin duzue», esan du.

 

Eskualdeko kudeaketaren aldeko apustua berretsi du EH Bilduk, «eremu bakoitzak bere hondakin organikoa jaso eta bertan trata dezan, hondakin horiek lurraldearen mutur batetik bestera hamarnaka kilometro eraman beharrik gabe».

 

Era berean, Mendezek lantegiaren kudeaketa prozesua kritikatu du, EH Bilduren ustez presaka egin delako eta beharrezko informazioa falta izan duelako. Lizentzia eta baimenei dagokienez ere, Bilboko Udalean eskatutako obra-lizentzian irregulartasun bat gertatu ahal izan dela adierazi da, EH Bilbok horri buruzko errekurtsoa aurkeztu baitu.

 

Azkenik, EH Bilduko batzarkideak planta berriaren kokapena, Alonsotegikoa eta Bilboko hegoaldeko auzoak aipatu ditu, «gaur egun isuriak eta usain txarrak etengabe jasaten dituen eremu batek eragozpen horiek areagotuko ditu».