AKTUALITATEA


| 2021-06-05 12:12:00

Plangintza, lurralde-politika eta industriaren aldeko apustua Ezkerraldean. Horixe eskatu du gaur EH Bilduk Sestaon antolatu duen, eta ehunka lagunak Bildu dituen mobilizazioan. Sinbolikoki Labe Garaiak Navalekin bat egin duen manifestazio hau hasi aurretik egindako adierazpenetan, Iker Casanova legebiltzarkideak "Ezkerraldean inbertsio industrialak erakartzeko plangintza estrategikoa" eta "dagokion karakterizazio industrialaren araberako" lurzoruaren kudeaketa eskatu die erakundeei, bereziki Eusko Jaurlaritzari.

Casanovak gaitzetsi egin du erakundeek “Euskal Herriko industriaren motorra izandako" eskualde hau "nahita" ahaztu izana. Izan ere, gaur egun Ezkerraldean daude EAEko merkatalgune handien herena baino gehiago, eta, legebiltzarkide subiranistaren arabera, datu hau ez litzateke posible izango azken hamarkadetan "EAJk eta PSEk tertziarizazioaren aldeko apustu etengabea" ez balitz. Mobilizazioak eduki sinboliko handiko bi leku elkartu ditu, Labe Garaia eta Naval esan bezala. Labe Garaia bezalako iragan industrial handiaren aurrean, industria berritu eta ingurumena eta pertsonak errespetatzen dituen industria erakartzeko beharra aldarrikatu du EH Bilduk. “Gizarteak egin behar dituen trantsizio energetiko, digital eta ekologikoak, eskualderako aukera-elementu gisa aprobetxatzen” jakin behar dela adierazi du bozeramaile subiranistak.

Bestalde, mobilizazioaren amaiera izan den Navaleko lur sailari buruz, Iker Casanovak "Ezkerraldeko industriari bultzada bat emateko aukera handia" dela aldarrikatu du. Ildo horretan, eremu hau gune logistiko handi bat bihurtzea eragozteko beharra aldarrikatu du, eta, horren ordez, lur horietan jarduera industrialak ezartzea eskatzen zuen Legebiltzarraren agindua betetzea eskatu du legebiltzarkide subiranistak. "Eusko Jaurlaritzak lur horietan jarduera industriala mantentzeko presioa egingo zuela esan ziguten, baina badirudi ezta ere. Atzo bertan jaso genuen lursailak VGPri esleitu izana berresten duen ebazpenaren berri, bere jarduera logistikara eta merkantzien banaketara mugatuko duena", bukatu du Casanovak.