AKTUALITATEA


| 2024-12-01 20:41:00

Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak adierazi duenez, Bilboko Aireportuko Zarataren aurkako Ekintza Planaren harira aurkeztutako alegazioek «Loiuko aireportuaren inguruan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea erdigunean jartzea dute helburu». EH Bilduk egindako proposamenak «instalazioak bere ingurunean duen eragina minimizatzera bideratuta daude -Casanovaren esanetan- baita euskal aire-espazioaren kudeaketa hobetuko luketen neurri sorta bat proposatzera ere».

Txori Herri eta Uribe Kosta, aireportuak zuzenean eragiten dien eskualdeetako EH Bilduko zinegotziekin batera egindako agerraldian, Iker Casanovak apustu hau egin du: «Euskal erakundeek, aireportuen kudeatzaileak eta hegazkin-konpainiek lankidetza-esparru iraunkorrak sortu behar dituzte, gure aireportuen arteko egungo lehia-joerak birbideratzeko, eta alternatibak irekitzeko, modu mailakatu eta errealistan, euskal aireportu guztien arteko eragiketen orekan oinarrituko den "aireportu bat, hiru terminal” (bost Euskal Herrian ) formula bideratzeko.

EH Bilduk azpimarratu du, «Loiuko aireportuak dituen ezaugarriengatik, ezin da handitu inguruko pertsonei eta lurraldeari eragin gabe. Forondako aireportuaren kasuan aldiz, udalerri mugakideetan ez dute hainbeste zarata pairatzen, eta ez eragozpen operatiboa ez da hain handia, eta gainera Bilbotik 45 minutura baino ez dago, errepidez. Loiuko aireportuak -gaineratu du Casanovak- muga eta arrisku operazionalak ditu hainbat mailatan, eta aireportua zabaltzeak arazo horiek areagotu baino ez lituzke egingo».

Zamudioko EH Bilduko zinegotzia den Irati Aretxabaletak bestalde, alegazioen dokumentua aurkeztu du, ukitutako udalerrietako bizilagunek eta zinegotziek, teknikariek eta EH Bilduko beste ordezkari instituzionalek elkarrekin egindakoa. «Aireportuaren eragina handitu ez dadin, eta urteak eta urteak jasaten daramatzaguna minimiza dadin laguntzeko» helburuarekin osatu dute alegazio zorta.

Guztira 13 alegazio erregistratu dira, Irati Aretxabaletak azaldu bezala, «lau eremutan: operazio-eta kudeaketa-aldaketak lurreratze eta aireratzeetako operazio eta kudeaketa aldakateak; zarata handiena eragiten duten jardueretarako ordutegiak murriztea; ingurunea eta pertsonen osasuna babesteko neurriak; eta euskal aireportu guztien arteko oreka eta kudeaketa handiagoa lortu hegaldiei, operazioei eta erabiltzaile kopuruari dagokienez.