Iker Casanova Bizkaiko EH Bilduko bozeramailea: «Uribe Kostako herriek badute amankomunean arazo batzuk, eta beste batzuk arazo propioak dira. Honetaz guztietaz hitz egiteko eta hausnarketan sakontzeko, eta baita ere, egiten ari garena eta proposamen berriak erdiesteen laguntzeko etorri gara Uribe Kostara»
«Egia da imajinario kolektiboan Uribe Kosta ez dela industria-jarduerarekin lotzen, baina, egia esan, Hego Euskal Herrian industrializazioaren hasieratik, hemen oso enpresa indartsuak ezarri ziren. Horietako asko desegiten joan dira, erakundeek tertziarizazioaren aldeko apustua egin dute, eta garai batean industria-jarduerarako okupatutako espazioak orain etxebizitzarako edo merkataritza-zentroetarako erabiltzen dira. Uribe Kostan ere kalitatezko lanpostuak sortuko dituen industria aurreratuaren aldeko apustua egin behar dela uste dugu EH Bildun».
«Nabarmendu nahi dugun beste elementu komun bat EH Bilduren indarra handitzea da. Gero eta presentzia handiagoa dugu udaletan, gero eta erakunde gehiagotan gobernatzen dugu eta herritarrek gure esku jartzen dituzten baliabide gehiago ditugu eskualde honen hobekuntzaren alde lan egiteko».
Guruzne Carrasson: «Zerbitzu sozialen inguruan, baliabideak handituko ditugu; etxebizitza eta Eguneko Zentroa dira lehentasunak».
Guruzne Carrasson, Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakaria eta Sopelako alkatea: «Garapen sozioekonomikoari bultzada bat emateko diagnostiko eta plan estrategiko bat egin ditugu Uribe Kostako Behargintzarekin lotuta. Bide batez, Behargintza berari indarra eta baliabide berriak emate arren, plan bat martxan jartzen ari gara».
«Zerbitzu sozialen inguruan, baliabideak handituko ditugu. Elkarlanean arituko gara kalean dauden edo etxebizitzarik ez dituzten pertsonekin, lagundu ahal izateko baliabide gehiago emanez, baina ez bakarrik mahai gainean diru gehiago jarriz, baizik eta antolamendu on batekin baliabide hoiek eraginkorragoak izan daitezen».
«Nola ez, Eguneko Zentroa errealitatea bihurtu behar dugu. Aurreko legegintzalditik ari gara aldarrikatzen Eguneko Zentroa Uribe Kostan, Diputazioarekin elkarlanean gabiltza, kokapen ezberdinak eskainiko ditugu, baina dudarik ez, lanean jarraituko dugula lorpen hau lortu arte, eskualde bakarra garelako Eguneko Zentroa ez duena».
«Garraio publikoa hobetzeko hainbat eskaera bideratzen ari gara, metroaren maiztasuna areagotu eta autobus linea desberdinak eta maiztasuna haunditzeko eskaera ere».