AKTUALITATEA


| 2024-05-25 11:09:00

Gaur Erromoko Santa Eugenia plazan egin du Bizkaiko ekitaldi politikoa EH Bilduk. Bertan hitza hartu dute EH Bilduko Nazioarteko Harremanetarako arduraduna eta legebiltzarkidea den Zulaikak eta EH Bilduren senataria den Idurre Bidegurenek.

 

Igor Zulaika esan duenez, “hauteskunde hauetan EH Bilduri botoa ematea Europako eliteek sustatzen dituzten politika austerizida eta militaristen aurka konprometitzea da. Ursula Von der Leyen buru dute elite horiek, hain justu, Meloniren eskuin muturrarekin agintaldia errepikatzeko asmoa agerian utzi duena. Politikoki arduragabea eta etikoki erabat gaitzesgarria da eskuin muturrari alfonbra gorria jartzea”.

 

Euskal Herriak, Katalunia eta Galiziarekin eta Europako beste herri batzuekin batera -gaineratu du Zulaikak- “nazio antifaxista eta subiranista dela erakutsiko du berriz ere. Herrien subiranotasuna, bakea gerraren aurrean eta eskubideen murriztaileen aurrean berdintasuna defendatzeko bere ahotsa sendo altxatuko du berriro ere gure herriak. Geldiarazi egin behar dira, eta Euskal Herriak apaltasunez lagunduko du horretan”.

 

Idurre Bideguren senatariak bestalde, Europan ordezkaritza izatearen garrantzia azpimarratu du, “gure hizkuntza, kultura, eskubideak eta nazioak errespetatuko gaituen Europa bat nahi eta behar dugulako. Euskal Herriaren biziraupena Europan defendatu behar dugu, eragiten gaituzten erabaki asko hartzen direlako bertan. Europako politikek herri gisa erronka globalei aurre egiteko gaitasunean eragiten du, aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak horrek adibide argia izanik".