EH Bilduk Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuaren premiazko agerraldia eskatu du, Gizarte Urgentziarako Foru Erakundeko (GUFE) hiru karguduni irekitako diziplina-espedienteari buruzko azalpenak eman ditzan. Duela gutxi, GUFEk deitutako langileen hautaketa-prozesuetan, ustez, senideei mesede egiten saiatu ziren hiru arduradun hauek.
Agerraldi berean, EH Bilduk langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartu duten aurreko prozedura guztiak aztertzea eskatuko du, irregulartasunen bat egon den egiaztatzeko.
Gaur prentsan jasotako informazioaren arabera, kargu hauek merituen baloraziorako batzorde bateko kide ziren, eta prozedura horietan beraien familiako kideek -seme-alabak, ilobak eta gertuko beste batzuk- parte hartu zuten. Legeak horrelako kasuetan abstenitzeko derrigortasuna ezartzen die tribunaletako kideei, eta kasu hauetan, ustez, ez da hori gertatu. Bi prozeduratan gertatu omen dira irregulartasun hauek: zerbitzari-garbitzaile lan poltsan eta atezain-mantenurako langile lan poltsan.
Gure kezka adierazi nahi dugu enplegu publikoaren ustezko erabilera irregularragatik, eta gogorarazi nahi dugu legealdi osoan zehar langileen kontratazioan prozedurak aldatzea eskatzen ari garela foru enpresetan, aukera-berdintasuna eta hautaketa-prozesu guztien gardentasuna bermatuz. Erakunde publikoetan horrelako gertaerak gertatzen direnean, erakundeen izen ona galtzea eta herritarren haserrea areagotzen dira.