Eusko Jaurlaritzari, RENFEri eta ADIFi eskatu diete behingoz benetako konpromisoa har dezatela Urduña eta Bilbo lotzen dituen linea hobetzeko
Urduña eta Bilbo lotzen dituen C3 lineako korridoreko alkateek zein zinegotziek zerbitzu moderno, seguru, irisgarri eta duina eskatu dute gaur. Laudioko tren-geltokian egindako agerraldian egin dute, eta aldirietako zerbitzu horretan hobekuntzak eskatzeko dinamika instituzionala eta soziala iragarri dute. "Renferen C3 linearen egoera jasanezina da eta premiazko hobekuntzak behar ditu", adierazi du Ainize Gastaka Laudioko alkateak.
Maite Ibarra Arrigorriagako homologoak ziurtatu du premiazkoa dela tren puntualak eta fidagarriak bermatzea, Gau Jaia zerbitzua berreskuratzea eta asteburu guztietara zabaltzea, geltoki eta tren guztietan irisgarritasun unibertsala bermatzea, azpiegituretan inbertsio sendoa egitea, tren moderno eta erosoak martxan jartzea, trenetan eta geltokietan komunak jartzea, Basauri, Laudio eta Luiandoko geralekuetako segurtasun-arazoak konpontzea eta zarataren aurkako neurriak ezartzea trenbidearen ondoko auzoetan.
"Garraio publiko duina ez delako luxua, herritarren eskubidea baizik", adierazi du Ibarrak. Bestalde, Laudioko alkateak azaldu duenez, Aiaraldeko zein Hego Uribeko jende askorentzat C3 "ez da tren linea soil bat", baizik eta "ezinbesteko azpiegitura bat", egunero milaka pertsonak lan egiteko, ikasteko, osasun zerbitzuetara joateko edo aisialdiaz gozatzeko erabiltzen dutena. "Hala ere, gaur egun, erabiltzaileek atzerapenak, maiztasun-aldaketak, informazio-falta eta irisgarritasun-arazoak izaten dituzte egunero", salatu du.
Kritikatu dute ez dela onargarria XXI. mendean pertsona askok trenera normaltasunez igo ezinik jarraitzea. Hori dela eta, EH Bilduk bultzatutako dinamika bat abiatuko da gaur, egoera salatzeko eta hobekuntzak eskatzeko hainbat ekimenekin, "aldaketak gizartearen eta erakundeen presioaren bidez iritsiko direlako".