AKTUALITATEA


| 2026-06-17 10:03:00

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak tramitera onartu du EH Bilduk aurkeztutako araua aldatzeko proposamena, banandutako bikoteek errenta aitorpena euren ondorengoekin batera egin ahal izateko.

 

Gaurko osoko bilkuran, foru gobernuko taldeek, EAJk eta PSEk, Podemosekin batera, egiaztatu dute joan den urtean sinatu zuten zerga arloko akordioaren aldeko aldaketak nahi gabeko ondorioak eragin dituela, eta horiek berrikusi egin behar direla. Araua partzialki berrikusiko dutela agindu dute, eta EH Bilduk aurkeztutako ekimenaren baitan egingo dutela.

 

EH Bilduk ahal duen guztia egingo du ekimen honen esparruan ahalik eta gehien konpon dadin familia horiei eragindako kaltea, berrikuspen fiskalean onartu zituzten aldaketak direla eta. Arantza Sarasola ahaldunak adierazi duenez, «guretzat garrantzitsuena fiskalki ekitatiboa izango den sistema bat lortzea da, kontuan hartuko duena seme-alaba adingabeak daudenean, pertsonen eta familien gaitasun ekonomikoa desberdina dela».

 

Bestalde, Iranen aurkako gerraren testuinguruan enpresa energetikoak lortzen ari diren ezohiko etekinen gaineko zerga berriro ezartzeko eskatu du EH Bilduk. Mozioak proposatzen du, Europako erakundeek horren inguruko erabakia hartzeko zain, Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari proposamena bere egiteko eta defendatzeko eskatzea.

 

Mozioa ez da aurrera atera, EAJ, PSE eta PPren kontrako bozkak jaso duelako. Batzarkide-talde subiranistaren proposamenak egiaztatzen duenez, gerrak gehienentzat sufrimendua eta pobrezia diren arren, «gutxi batzuentzat are onura handiagoak lortzeko bidea izaten ari dira. Datuak agerikoak dira: 2026ko lehen hiruhilekoan % 80 hazi ziren Europako bost petrolio enpresa handienen irabaziak, eta zehazki % 154 Repsolen irabazi garbiak».

 

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du aparteko onura horiek behar bezala zergapetzea, energia enpresen jokabide ekonomikoa mugatzeko eta «beren interesen gainetik -adierazi du Arantza Sarasolak- gizarte osoaren ongizatea kontuan hartzeko». Helburua, beraz, zerga-sistema bidezkoagoa eta zerbitzu publikoen finantza-nahikotasuna bermatzea da, eta, horretarako, ezohiko onura horiek zergapetzea da bide horretan eman beharreko lehen urratsa».