Iker Casanovak, EH Bildu Bizkaiko bozeramaileak, Elixabete Etxanoberen zerga-eredua salatu du: «Bizkaia Madrilgo dumping fiskalaren bidetik eramaten ari dira» .
Casanovak gogor kritikatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak iragarritako neurri fiskal berriak, eta ohartarazi du Bizkaia «politika fiskal erregresiboen abangoardian» kokatzen ari dela.
Koalizio subiranistaren bozeramailearen ustez, ez da kasualitatea Espainiako Enpresaburuen Erakundeko presidente Antonio Garamendik Bizkaia erreferente fiskal gisa goraipatu izana. «Antonio Garamendik Bizkaia zerga-arloan jarraitu beharreko eredutzat jotzen duenean, bizkaitarrok kezkatzeko arrazoiak ditugu», adierazi du.
Casanovaren arabera, Etxanobek eta Bizkaiko EAJk aberastasun handiena duten sektoreen neurrira egindako zerga-politika sustatzen ari dira, gehiengo sozialaren zerbitzu eta eskubideen kaltetan. Gainera, salatu du gobernu bazkideekin aurrez adostu gabe aurkeztu dituztela proposamen horiek, eta gainerako lurraldeak ere norabide berean bultzatu nahi dituztela.
«EAJk eta Etxanobek fiskalitate erregresibo baten alde egin dute, errenta eta ondare handienen mesedetan. Helburua lurraldeen arteko desarmonizazioa sustatzea da, edo gainerako herrialdeak dinamika berera erakartzea», nabarmendu du.
Oso deigarritzat jo du ahaldun nagusiak neurri fiskal berriak Madrilen aurkeztu izana, multinazionalen eta enpresaburuen aurrean. Bozeramailearen ustez, horrek agerian uzten du Etxanoberen erreferente fiskalak zeintzuk diren.
«Badirudi Etxanoberen erreferentzia fiskala Isabel Díaz Ayuso dela. Ez da oharkabean pasatzen neurri horiek Madrilen aurkeztea, inbertitzaileak erakartzeko eta multinazionalen aurrean Bizkaia saltzeko asmoz».
Ezker subiranistako ordezkariak gogorarazi du Espainiako Estatuan politika fiskal liberalenen sailkapenetan soilik Madrilen atzetik dagoela Bizkaia. Horrenbestez, iragarritako neurriak gauzatuz gero, Bizkaia are gehiago hurbilduko litzatekeela dumping fiskalera.
Bestalde, Casanoak kezka agertu du aurten bildutako zergen datuen inguruan. Azaldu dunez, zerga-bilketaren hazkunde nominala %3,5ekoa izan da, inflazioaren parekoa; ondorioz, bilketaren hazkunde erreala zero izan da.
«Ekonomia hazten bada baina zerga-bilketa ez bada handitzen, argi dago fiskalitateak ez duela sortzen den aberastasuna behar bezala jasotzen eta zerbitzu publiko bihurtzen. Horrek erakusten du iaz onartutako erreforma fiskalak porrot egin duela», adierazi du.
EH Bilduko ordezkariaren iritziz, aurreko erreforma fiskala indarrean sartu berritan beste aldaketa bat iragartzea propaganda ariketa hutsa da, EAJk eta Etxanobek errenta altuenen botoak bereganatzeko helburua duena, PPren espazio politikoarekin lehian.
Betalde, ohartarazi du zerga-salbuespenek ondorio zuzenak dituztela herritarren eguneroko bizitzan.
«Herritar batek iristen ez den autobus baten zain dagoenean edo gaueko autobus zerbitzurik ez dagoela ikusten duenean, jakin behar du diru hori prezio-mugarik gabeko auto pribatuak finantzatzera bideratzen ari direla. Osakidetzako itxaron-zerrendetan gaudenean, jakin behar dugu osasun publikoa indartzeko baliabideak aseguru pribatuak dituztenen zerga-onuretara bideratzen ari direla. Zaintza-zerbitzuetara edo kalitatezko zerbitzu publikoetara iritsi ezin garenean, jakin behar dugu diru hori zerga-beherapenak jasotzen dituzten exekutiboen esku geratzen dela», salatu du.
EH BIduko bozeramaileak adierazi du lanean jarraituko dutela fiskalitate progresibo baten alde, printzipio argi batekin: «gehiago duenak gehiago ordain dezala».
«Gure helburua da zerbitzu publikoak indartzea eta osasun publikoan, etxebizitzan eta zaintzan politika ausartak garatzea. Hori da herritarrek eskatzen dutena, eta hori da defendatzen jarraituko duguna».