AKTUALITATEA


| 2023-04-26 20:53:00

Duela 86 urte Gernika bonbardatu zutenek ez zioten ausaz herri honi eraso egin. Helburu argi batekin hautatu zuten Gernika: euskaldunontzat sinbolikoa den herria, gure askatasunaren ikur. Gernika txikitzen saiatu ziren, honekin Euskal Herria, bere hizkuntza, kultura eta bere etorkizuna kiskaltzeko asmoz. 

Horregatik gaur, oraindik ere hemen baldin bagaude, herri honek bere errautsetatik berriro ere hazi eta aurrera egiteko gai izan delako da. Balore antifaxista, errepublikar eta abertzaleak oinarri hartuta, euskara sustatuz eta kultur espresioak zainduz eta mundura zabalduz. Finean, herri honek bizirik jarraitu badu, bere kemenagatik eta euskal herritarren konpromisoagatik izan da.

Gaur, 86 urte eta gero, ikusten dugu euskararen kontra egiten jarraitzen dutela, herri hau ukatzen jarraitzen dutela eta euskaldunok bigarren mailako herritar bezala tratatuak izaten garela, gure erabakimena bera ere debekatuz. 

Horregatik, herri honetan sinisten dugun guztiok, alderdi eta sigletatik haratago, bat egin behar dugu Euskal Herria biziraupen hutsetik eraikuntzara eramateko. Gu prest gaude bidea elkarrekin egiteko. Bakean, demokrazian eta askatasunean oinarritutako Euskal Herria burujabea egiten laguntzeko.