AKTUALITATEA


| 2025-04-30 10:06:00

EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran metroaren 4. linearen behin betiko trazadurari eta behingoz egiteari buruz galdetu du.

 

Raul Mendez EH Bilduko ahaldunak egindako galderei erantzunez, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi du Aldundiak Metroaren 4. linearen finantzaketari aurre egiteko behar duen dirua duela, baina ez da gai izan linea horren ibilbidea baieztatzeko. Gainera, diputatu nagusiak baldintza bat jarri du: linea hori Basurtuko Ospitalera, Zorrotzara eta Alonsotegira iristea, Enkarterriko eskualdearekin lotzeko.

 

EH Bilduk azpimarratu duenez, talde politikoek, eragile sozialek eta Bilbo Hegoaldeko auzoetako bizilagunek «Rekalde-Moyua tarteko ardatz nagusia definituko duen eta, aldi berean, Enkarterrirantz zabalduko den adostasun handia lortzetik gertu daude. Beharrezkoa da behin betiko trazadura lehenbailehen definitzea -gaineratu du Mendezek-, administrazio-prozesuetan eta lizitazioan urratsak ematen jarraitu ahal izateko».

 

EH Bilduk mozio bat erregistratuko du maiatzaren 21eko osoko bilkuran, «trazadura zehazteko eta gauzatzeko bidean aurrera egiteko».