AKTUALITATEA


| 2025-04-23 10:50:00

EH Bildu Bizkaiak eztabaidatzeko eta bozkatzeko arauz besteko proposamen bat erregistratu du Batzar Nagusietan, Metro Bilbaok Israelgo I-SEC Aviation Segurity SL segurtasun enpresarekin sinatu duen kontratua bertan behera uzteko eskatuz.

 

EH Bilduk egiaztatu ahal izan duenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren jabetzako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak kofinantzatutako enpresa publikoa den Metro Bilbaok, Lutxana-Plentzia tartean Metro Bilbaoren instalazioak eta material mugikorra zaintzeko zerbitzuaren kontratazioa esleitu dio aipatutako segurtasun enpresari.

 

I-SEC Aviation Segurity SL, ICTSren filiala da. 1982an sortu zuten Shin Bet-eko inteligentzia zerbitzuetako kideek eta Israelgo El Al airelineako segurtasun saileko zuzendari ohiek.

 

Uste du Bizkaiko EH Bilduk «euskal erakundeek jarrera irmoa izan behar dutela Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioaren aurka. Onartezina da -gaineratu du EH Bilduk- kontrolean, errepresioan eta eskubideen urraketan oinarritutako segurtasun-teknikak gure lurraldera ekarri nahi dituzten enpresak diru publikoarekin kontratatzea eta finantzatzea. Onartezina da teknika horiek diseinatu zituztenak eta gaur egun Palestinako lurraldean oraindik aplikatzen dituztenak gure lurraldeko espazio publikoen segurtasuna zaintzen dutenak izatea».

 

Eta bide batez, EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusiei proposatu die Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzari eska diezaietela kide diren nazioarteko erakunde guztietan «palestinar herriaren aurkako indarkeria eta genozidioa berehala etetea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa zorrotz betetzen dela zaintzeko betebeharra betetzea».