Aldundiaren aldez aurretiko derrigorrezko hitzorduaren praktikagatik Arartekoak 2024ko abenduaren 4ko ebazpenaren harira -2023ko urrian ere praktika salatu zuen Arartekoak- Diputazioak zer egingo duen galdetu du EH Bilduk Iraskunde, Gobernamentu on eta Gardentasunerako Batzordean.
«Ez dugu zalantzarik aurretiko hitzorduak zerbitzua hobeto antolatzen laguntzen duela eta herritarren zati handi batentzat sistema hobea dela -azaldu du Arantza Sarasola batzarkideak- baina ezin dugu ahaztu beste pertsona asko daudela, batez ere adinagatik eten digitala gehien pairatzen dutenak, administrazioarekin harremanak izateko modu berri horietan gustura ez daudenak. Are gehiago, aurrez aurreko hitzordua eskatzeko nahitaez bide telematikoa edo telefono bidezkoa erabili behar denean, hau da, ez zaienean aurrez aurreko arretarik ematen hitzordurik gabe, ezta hitzordua eskatu ahal izateko ere. Eta errealitate horri aurre egin behar diogu».
EH Bilduren ustetan «bi gogoeta nahasten dira honetan, eta biei heldu behar diegu: zerbitzu publikoen antolaketa eraginkorra, eta herritarren eskubideak». Sarasolak gaineratu duenez, irudipena dago hori neurri handi batean gertatzen dela (Ogasunean bereziki) «ez bakarrik antolaketa hobea bilatu delako, baizik eta gobernuaren aldetik, eta bereziki sailaren aldetik, erresistentziak daudelako, eta horrek guztiak zerikusia du 2021ean aurrez aurreko arreta guztia amaitu nahi izan ondoren, hainbat eragileren (pentsiodunak) borroken ondorioz aurrez aurreko laguntza berriro ezarri izanarekin, baina gogoz kontra».