Bizkaiko Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur, EH Bilduk sustatuta, Gizarte Ekintza Sailari eskatzeko, 6 hilabeteko epean, Gizarte Ekintza Batzordean aurkez ditzala adinekoentzako edo mendekoentzako pertsonen egoitzetan ikuskaritza eta kontrol zerbitzua indartzeko hartuko dituen neurriak, besteak beste, egingo dituen kontratazio kopurua eta langile berriek izango duten lan profila. Proposamenak, halaber, neurriak betetzeko kronograma bat ere jasotzen du, langile berriak 2026an ikuskapen eta kontrol-zerbitzuan lanean aritu daitezen.
EAJko eta PSEko batzarkideek bat egin dute proposamenarekin, izan ere, aurreko osoko bilkuran diputatuak adierazitakoaren zati handi bat jasotzen duelako, hain justu ere, EH Bilduk egoitzetan ikuskapenak indartzearen egokitasunari buruz galdetu zuen, erregistratutako ez-betetzeen espedienteek gora egiten jarraitzen dutelako.
Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, «pozten gaitu ekimen hau aurrera aterako dela jakiteak. Argi dago arau-hausteak murriztu egiten direla ikuskatze-lana indartzen bada eta Aldundiak erabiltzaileen eskubideak zaindu behar baditu».
«Neurri honekin, ez-betetzeengatik irekitako espedienteak ebazteko denborak arinduko ditugula uste dugu -gaineratu du Duquek- baina oraindik ere kezkatuta gaude langileen ratioak betetzen ez direlako. Beste behin gogoratu behar dugu EH Bildurentzat ratioak ezartzen dituen egoitzen dekretua ez dela nahikoa. Hala adierazi zuten sindikatuek ere. Egungo dekretuak ezartzen dituen gutxieneko ratioek ez dute bermatzen erabiltzaileentzako kalitatezko zerbitzua, eta ez dituzte bermatzen lan-baldintza duinak. Gaurko akordioa urrats bat dela uste dugu, baina askoz gehiago eman behar dira, eta guk egungo ratioak betetzea ez ezik, hobetzea ere eskatzen jarraituko dugu».