AKTUALITATEA


| 2025-02-13 11:18:00

Bizkaiko EH Bilduk abian jarri duen Bizkaitik Bizkaira egitasmoaren baitan, Arratiako EH Bilduko alkate eta zinegotziekin lan saioa egin du oraingoan indar subiranistak. Bizkaiko EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanovak azaldu duenez, «eskualde honek behar duen sustapen ekonomikoari buruz hitz egin dugu. Hemen industria oso indartsua izan zen eta da oraindik, baina politika sendoagoak behar ditu Arratiak daukaguna defenditzeko eta indartzeko, ahaztu gabe eskualde honetan lehenengo sektorea daukan pisua».

«Egunerokotasunean gure alkate eta hautetsiek bultzatzen ari diren proiektuak ezagutu ditugu; ekipamenduak, zerbitzuak... asko dira eta, beharrak ere, asko dira, eta askotan baliabideak ez dira nahikoak, edo ez dira behar bezalakoak. Horren aurrean -gaineratu du Casanovak- lan askorekin eta konpromiso handiarekin aurrera ateratzen ari gara proiektu desberdinak. Eragile eta jendearekin hitz egin dugu ere, ekimen interesgarriak bultzatzen ari direnak».

Casanovak gogora ekarri du berriro ere «guk Bizkaia polizentriko batean sinisten dugu, zeinean biztanle guztiek eskubide aukera berberak dauzkate, bizi eskualde batean zein bestean. Horregatik esaten dugu, Arratia bezalako eskualdeetan ahalegin politiko sendo egin behar dela bertako jendeari aukera horiek guztiak eskaintzeko».


 

Nahia Urrutxua, Zeanuriko alkatea: «Arratiako herritarren bizimodua hobetzeko konpromisoa berresten dugu».

«Arratiko EH Bilduko alkate eta udal gobernuek konpromiso hartu gendun Arratiko herritarren bizimodua hobetzeko, bai zaintzan, transizio energetikoaren inguruan, eta baita ere, gure kulturaren inguruan. Arratiko garapen sozioekonomikoari dagokionez, konpromisoa ere hartu dugu lan egiteko eta Mankomunitateagaz eta Errota fundazioagaz batera, bidelagun izango gara eurekaz batera lan egiteko. Lehen sektorea, gure nekazari eta abelzainak ezin ditugu ahaztu. Hor gaude, haien ondoan, laguntzeko, lehen sektore barik ez dagolako bizimodurik. Arratia, gure inguru ederra, danon lanagaz eta ilusioagaz aurrera atera eta hobetzeko konpromisoa berresten dugu, herritik eta herriarentzat».