AKTUALITATEA


| 2025-02-17 11:55:00

Busturialdeko alkateok Igone Bengoetxea lehendakariordearekin eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin biltzeko aukera izan dute egunotan, Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan hasi nahi duten entzuketa prozesuaren inguruko azalpenak jasotzeko.

Hasteko, Busturialdeko herritarrak entzutea helburu duen edozein ekimen ongi etorria dela adierazi dute EH Bilduko hautetsiek, eta berandu badator ere, «berri positibotzat» hartu dute bileran aurkeztu dioten prozesua. EH Bilduko alkateok hasiera hasieratik eskatu izan dute tamainako proiektu honek herritarren oniritzia behar zuela, eta ezin daitekela eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duen proiektu bat planteatu aurretik herritarrak entzun gabe.

Modu positiboan baloratu dute halaber Agirre Center Fundazioak egindako planteamendua. «Entzuketa prozesua gidatzeko enkargua jaso duen fundazioak epe ertaineko prozesua aurreikusten du, bidean Busturialdeko mila herritar inguru elkarrizketatuta. Gure ustez prozesu honek eskualdeko argazki on bat izateko aukera emango digu eta aukera bat izan daiteke gobernantza ereduan jauzi bat emateko, eredu parte-hartzaile eta gardenago baterantz».

Hala ere, bileran, Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariei adierazi diete zuhurtziaz hartu dutela aurkeztu dieten entzute prozesua eta hainbat zalantza sortarazi dizkiela. «Alde batetik, beti esan dugun moduan, entzuten zaionari bermea eman behar zaiolako entzundakoa kontuan hartuko dela. Entzute prozesua zintzoa bada, herritarren gehiengoaren iritzia errespetatu beharko da eta zalantzan jartzen dugu prozesu hau aurkeztu duten erakundeek horretarako prest dauden».

Bestalde, kezkagarria iruditzen zaie «oraindik ezagutzen ez den proiektu bati buruzko entzuketa prozesua abiatzea, herritarrei horren inguruko informazio zehatz eta sakona eman gabe. Herritarrek iritzi osatu bat izateko proiektuaren nondik norako guztiak ezagutu beharko lituzkete eta gaur gaurkoz Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dute proiektua publikoki aurkeztu, prentsa titularretatik haratago, eta ez dute azalpenik eman proiektu horrek eskualdean izango lukeen inpaktuaz ere». Gainera, kontraesankorra iruditzen zaie, «bileran ahaldun nagusiak adierazi digun moduan, entzuketa prozesuak irauten duen bitartean proiektuak ez duela etenik izango, kontrara, aurrera jarraituko dutela berau bideragarria egiteko lanekin».

Zalantzak zalantza, aurkeztutako ekimena «aukera on bat dela» uste dute EH Bilduko ordezkariek, «Busturialdeko herritarrok ahalduntzeko eta gure ahotsa entzunarazteko, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu prozesu honetan aktiboki parte-hartzera, Busturialdeko etorkizuna Busturialdean erabaki behar dugulako».