AKTUALITATEA


| 2024-10-02 10:38:00

EH Bilduk eta EAJ-k haien bozkak batu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan, euskal autogobernua eguneratzeko eta Euskal Herria eta espainiar Estatuaren arteko harreman-estatus politiko berri baten alde. Horrela, bada, Bizkaiko insituzio honek bat egiten du Euskal Herria nazio gisa aitortua izateko eskaerarekin eta baita ere, erabakitzeko eskubidearekin. Izan ere, ebazpenean jasotzen den moduan, aitorpen horrek euskal gizartean oso partekatua den nazio bateko kide izatearen zentzua jasotzen du..

Iker Casanovak, EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak, Bizkaiko gizartea zoriondu du lorpen honengatik, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, gehiengo osoz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko mezu argi hau ematea ongi baloratu du, “herritarren gehiengo zabalak partekatzen duenari erantzun diezaion". Kasu honetan, Bizkaiko erakunde batean adostutako akordio garrantzitsua da -gaineratu du Casanovak- eta orain ebazpen honetan aldarrikatutakoa egia bihurtzeko lanean jarraitzea dagokigu. Gu prest gaude".

Aurreko astean Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako ebazpenaren antzera, ebazpenak Estatutua osorik betetzea eta autogobernua eguneratzean gure eskumenak eguneratzea eta eskumen horiek euskal gizartearen eskari eta beharretara egokitzea eskatzen du. Iker Casanovak adierazi duenez, "ezinbestekoa da gure herrian arkitektura instituzional berri bat, ditugun erronkei aurre egiteko, eskumen gehiago izateko eta, instituzioetatik, herritarren beharrei hobeto erantzuteko".