Bizkaibusen aurreproiektuei 12 alegazio estrategiko erregistratu ditu EH Bilduk, eta hoiekin batera, Bizkaiko udalerrietan, alkatetzen eta udal taldeen bitartez jasotako beste 250 baino gehiago. Hain zuzen ere, gaur, maiatzak 22, amaituko da Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus zerbitzurako aurkeztutako aurreproiektu berriei alegazioak aurkezteko epea.
EH Bilduk egindako ekarpenen helburua «Bizkaiko garraio publikoaren sistema hobetzea da, irisgarritasuna, kalitatea, lurralde-kohesioa eta interes publikorako orientazioa indartuz», adierazi du Raul Mendez Urigoitia Batzar Nagusietako ahaldunak.
EH Bilduk zerbitzuaren kudeaketa publiko zuzeneko eredu baterantz aurrera egitea proposatu du, garraio publikoa funtsezko eskubidetzat hartuta, eta ez enpresa-onurara bideratutako jardueratzat. Hobetzeko proposamenetan instalazioen eta baliabideen kontrol publiko handiagoa defendatzen da, bai eta benetako irisgarritasun unibertsala ere, ebaluazio-sistemen, erabiltzaileen parte-hartzearen eta ez-betetzerik izanez gero hartu beharreko neurri zuzentzaileen bidez. Erabiltzailearentzako informazioa hobetzeko, sistemak denbora errealean, plataforma digital integratuak eta irudi korporatibo homogeneo bat sartzea eskatzen da.
Horrekin batera, EH Bilduren proposamenak neurriak ezartzen ditu herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, baita sistemaren barruan lanerako hizkuntza gisa erabiltzeko ere..
Hobekuntza-proposamenak, besteak beste, gaueko zerbitzuak sortzearen, ordutegiak zabaltzearen eta maiztasunak indartzearen ildokoak dira, bereziki asteburuetan eta eskari handiko eremuetan. Dentsitate txikiko eremuetan eta landa-eremuetan lurralde-kohesioa bermatzea ere proposatzen du. Era berean, EH Bilduren alegazioetan jasotzen dira benetako intermodalitatea eta gutxieneko maiztasun- eta ordutegi-estandarren ezarpena, funtsezko zerbitzuetarako sarbidea bermatuz, hala nola ospitaleetarako, ikastetxeetarako eta eskari handiko guneetarako, hala nola hondartzetarako.
Bizkaibuseko langileen lan-baldintzei dagokienez, talde batzarkide subiranistak lan-baldintzak indartu nahi ditu plantillak subrogatuz, eskubideak homogeneizatuz, soldatak hobetzeko aurreikuspena eta azpikontratatutako langileak pixkanaka integratuz.
Alegazioek, halaber, aurreproiektuen izaera jarraitua kritikatzen dute, eta sistema malguago baterantz eboluzionatzea proposatzen dute, benetako eskarira eta lurralde-beharretara egokituta. EH Bilduk berretsi duenez, «Bizkaibusek Bizkaia kohesionatzen du, eta autobus publikoa erabiltzen duen jende asko Bizkaiko barnealdeko eskualdeetan edo hirigunetik urrun dauden auzoetan bizi da, eta, horregatik, funtsezkoa da autobus zerbitzu eraginkorra eskaintzea, nahiz eta, zoritxarrez, lizitazio berrietan ez den behar besteko baliabide nahikorik aurreikusten, ez dagoen paradigma aldaketarik».
Alegazioen dokumentua: