AKTUALITATEA


| 2021-04-28 14:05:00

EH Bilduren ustez, Bizkaiko errenta kanpainarekin gertatutakoa oso larria da. Izan ere, errentaren kanpainaren tramitazioan egindako akatsak ez dira kasu isolatuak izan eta Bizkaian bizi diren milaka pertsonari eragin dien kudeaketa arazo larriak agerian geratu dira.


«Bizkaiko Foru Aldundiaren akatsek 30.000 pertsona ingururi eragin diete, hildako pertsonei edo jada lurraldean bizi ez direnei errenta aitorpenak bidali zaizkie. Gertatutakoa oso larria izan da eta eragin zuzena du milaka lagunen egunerokotasunean», adierazi du Arantza Urkaregi batzarkideak.


Urkaregik gogorarazi duenez, deigarria da, egoera honen aurrean, Aldundiak egindako akatsei garrantzia kentzen saiatzea. «Akats oso larrien eragina minimizatzen saiatzen dira eta milaka pertsonari eragiten dien arazo baten aurrean irtenbideak bilatzea saihesten dute».


Aurrez aurreko arretaren beharra


Egungo egoeraren aurrean, EH Bilduk errenta aitorpena egiteko arreta presentziala bultzatzeko eskatu du. «Mundu guztia ez da erraz maneiatzen esparru digital batean.Arrakala digitalak errealitate izaten jarraitzen du eta aurrez aurreko arreta ezinbesteko tresna da egoera horri aurre egiteko. Berriro diogu arreta mota hori bultzatu behar dela».