AKTUALITATEA


| 2024-06-19 09:43:00

Bizkaiko Batzar Nagusiek bi testu onartu dituzte; batetik, metroaren maiztasunak hobetzeari dagokiona, eta, bestetik, komunikabideetan publizitate instituzionala kontratatzeko irizpideei buruzkoa. EH Bilduk bultzatu ditu akordio biak, lau puntuko osoko bilkuran, guztiak indar EH Bilduren ekimenez proposatuak. Bere garaian sustatutako interpelazio banatik eratortzen ziren mozioak, eta azkenean erdibideko testoak bihurtu dira.

 

Metroaren maiztasunak hobetzeari dagokionez, aldeko 43 bozkekin eta bi abstentzioekin, Batzarrek Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu diote "zerbitzu-eskariaren txostena egiteko, izandako eta aurreikusitako aldaketa demografikoetatik, hiri-mugikortasuneko joeretatik, beste garraiobide batzuekiko integraziotik, tarifen integrazioa eta beste aldagai sozioekonomiko batzuetatik abiatuta". Txosten honen emaitzak kontuan hartuko dira metro sare osoaren maiztasunei dagozkien erabakiak hartzerakoan.

 

Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, akordioaren alde positiboa da "ateak zabalik uzten ditugula maiztasunak hobetzen jarraitzeko", eta "fokua Uribe Kostako zazpi udalerrien eskaeretan jartzen" jarraituko dutela azpimarratu du, "maiztasunak eta zerbitzua hobetzeko Uribe Kostan gehiengo batek sustatutako akordioan hain justu".

 

EAJk, EH Bilduk, PSEk, PPk eta Elkarrekin Bizkaiak, gainera, komunikabideetan publizitate instituzionala sartzeari buruzko transakzio-zuzenketa bat onartu dute, eta, horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote urteko publizitate eta komunikaziorako plan bat egin dezala, besteak beste, honako hauek jasoko dituena: "berdintasunerako helburuak, irizpideak, hizkuntzakoak, ingurumenekoak, eta erakundeen eta sailen kanpainak, foru sektore publikoa barne, garatzea aurreikusten direnak, baita aurreikus daitekeen kostua ere". Plana eta haren gauzatze-memoria, urte bakoitzaren hasieran, Aldundiaren webgunean argitaratuko dira.

 

Osoko bilkurak atzera bota du desgaitasunari zuzendutako foru zerbitzuen hobekuntzari buruzko mozio bat, baita eskoletako jantokietan menuak hobetzeko arauz besteko proposamen bat ere, biak ere EH Bilduren ekimenak.