EH Bilduk trantsizio ekosozialari buruzko solasaldia egin du gaur Bilbon. Bertan, klima aldaketari eta energia krisiari aurre egiteko neurriak hartzeko eta dauden ereduak aldatzeko beharra nabarmendu du. Iker Casanova ahaldun nagusigaiak aurkeztu du ekitaldia, eta bertan izan dira Iratxe Arriola Eako alkatea, Mikel Otero legebiltzarkidea eta Paul Nicholson.
Iker Casanovak adierazi duenez, “larrialdi klimatiko batean bagaude, ezin dugu jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Horrek gauza asko aldatzera behartzen gaitu”. Ildo horretan, ziurtatu du “EH Bildu ez dela besoak gurutzatuta geratuko, plan integral bat abiaraziko duela, premiazko gaia delako”.
«Hainbat arlotan ditugu proposamenak, gai horri buruzko politika integrala abian jartzeko; hala, hondakinen, uraren, hondartzen, elikaduraren eta lehen sektorearen kudeaketan, trantsizio energetikoan eta mugikortasunean jardungo dugu», adierazi du. “Orain hartzen ditugun erabakiek gure etorkizuna baldintzatuko dute, eta, beraz, beharrezkoa da garapen iraunkorrerako premiazko neurriak hartzea”, gaineratu du.
Elikadura-subiranotasuna
Solasaldietan hainbat gai landu dituzte. Nicholsonek elikadura-subiranotasunaren gaia jorratu du eta globalizazio neoliberalaren aurrean ekoizteko eta kontsumitzeko beste modu batzuk defendatu ditu. Planetaren suntsipena geldiarazteko kontsumo-eredu aldaketaren beharra aldarrikatu du.
Arriolak uraren kudeaketari buruz hitz egin du, uraren kudeaketa “multinazionalen esku utzi baitute Bizkaian” eta, horren aurrean, uraren kudeaketa publiko, ekologiko eta soziala defendatu du.
Bere aldetik, Oterok energia berriztagarrien garapena eta eraginkortasun energetikoa izan ditu mintzagai eta EH2040 Agenda ekosoziala aurkeztu du, Euskal Herritik larrialdi klimatikoari eta energia eta biodibertsitate krisiari aurre egiteko eraldaketako 20 bektore dituen EH Bilduren proposamena, hain zuzen ere.