AKTUALITATEA


| 2024-07-01 14:19:00

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, foru enpresa publikoen sistemaren buru diren pertsonak izendatzeko sistema aldatzeko. Foru enpresa sektore publikoa osatzen duten erakundeetako zuzendaritza kudeatzaileak izendatzeko prozedurak, publizitate, gardentasun, meritu, berdintasun eta gaitasun printzipioak errespetatzen dituztela bermatzea eskatzen da mozioan.

 

Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko batzarkide eta bozeramaileak testuinguruan jarri du proposamena. Erreklamatutako printzipioek gidatu behar dute "oro har, langileak kontratatzea administrazio publiko guztietan eta baita zuzendaritza-postuetan ere. Gure mozioa irekita dago nahita eztabaida baterako, gainerako taldeekin akordio batera iristea dugu helburu, baita, prest baleude, gobernua osatzen dutenekin ere".

 

Casanovak gaineratu duenez, "hainbat prozedura daude emaitza berera eraman dezaketenak, hau da, merezimendu eta gaitasun printzipioek atxikipen politikoaren gaineko lehentasuna izatea, foru enpresa horietako baten zuzendari izendatzerakoan".

 

EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak aipatu ditu azken izendapenen inguruan sortutako polemikak, zehazki Iurretako eta Lezamako alkate ohien kasuak, eta baita Iñigo Iturrate Euskalduna Jauregiko buru izendatu izana ere.

 

Eta, era berean, foru-enpresetarako langile arruntak aukeratzeari buruz hitz egin du, "faboritismoari bide ematen dion eta lanpostu horiek lortzeko aukera-berdintasuna bermatzen ez duen prozedurari eusten baitzaio enpresa horietan. Salaketak egon dira, eta Arartekoak ere gomendio bat egin du, langileak hautatzeko prozesu horietan aukera berdintasunik eta gardentasunik ez dagoela jasotzen duena".

 

Foru enpresetako zuzendaritzen izendapenen kasuan, "guztiz legalak dira –adierazi du Iker Casanovak–, horretan zalantzarik ez dago, horrela jasota baitago enpresa horien estatutuetan. Beste kontu bat da, legezkoa izan arren, enpresa horien buru izango diren pertsonak hautatzeko modurik onena ote den, eta EH Bilduk ezetz erantzuten du".

 

"Une nahasiak bizi ditugu politikan, maila globalean eta bereziki Europan, atzo bertan ezagutu baitugu eskuin muturrak Frantzian hauteskundeetan izan duen gorakada", esan du Iker Casanovak. EH Bilduko bozeramaileak gaineratu duenez, "eskuin muturraren gorakada eta herritarrek erakundeekiko eta funtzionamendu demokratikoarekiko duten gero eta desafekzio handiagoa arazo larriak dira eta azalpen konplexuak behar dira arazo hoiek azaltzeko, baina horietako azalpen bat praxi desegokia da, arlo publikoa kudeatzean, askotan eman den funtzionamendu eskasa. Ez pasibotasuna, ez iraganeko inertzietan erortzea, edo ezer ez egitea ez dira aukerak erakundeen legitimitatea handitu nahi baldin badugu".

 

"Eredugarritasunerantz pausoak ematea garrantzitsua da -adierazi du EH Bilduk- herritarrei erakustea erakundeak eratuta daudela herri honetako jendeari zerbitzua emateko. Inoiz ez interes edo behar alderdikoiak edo pribatuak asetzeko. Eta zentzu horretan, mozio hau onartzea aurrerapauso bat izango litzateke”.