AKTUALITATEA


| 2024-11-27 09:09:00

Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko ahaldunak metroaren 4. linearen proiektuaren trazaduraz eta aurrerapen mailaz galdetu dio diputatu nagusiari Batzar Nagusietako Kontrol Bilkuran.

Metro Bilbaoko linea honek 2008tik gaur egunera arte izan duen bilakaeraren ibilbide historiko laburra egin ondoren, aldi horretan zehar izan diren trazadura-aldaketak azpimarratu ditu, eta horrek Bilboko hegoaldeko auzoetan sortu duen haserrearen berri eman du.

EH Bilduk ahaldun nagusiari eskatu dio 4. linearen proiektuaren buru izan dadila, eta lehentasuna eman diezaien Bizkaiko trenbide-arloko beharrei.

EH Bilduko ahaldunak hainbat galdera egin ditu lau bloketan bilduta: proiektuaren epeei buruzkoa; Gasteizko Gobernuarekin izandako harremanei buruzko bigarren bloke bat; baita ere Foru Aldundiak Moyuarako trazadura-proposamen berriari ingurukoa; eta laugarren eta azken bloke bat, Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunekin izandako harremanei buruzkoa, entzute aktiboari dagokiona eta diputatuak aurtengo San Inazioko harreran egindako irekierarekin eta lankidetzarekin hartutako konpromisoaren baieztapenari buruzkoa.

Metroa Errekaldera eta Bilbo Hegoaldeko auzoetara Moyuarako bidearen bidez iristearen aldeko apustu garbia berretsi du EH Bilduk, izan ere, 2018an Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez berretsi zuten aukkera hau. Proposamen horrek AHTa Abandoko geltokira iristeak eragindako atzerapenak saihesten ditu, eta, aldi berean, ez da bateraezina L4 linea Enkarterrirantz luzatzearekin, eta 20 urte baino gehiagoko zor historikoa itxiko luke Errekalde eta Irala auzoekin.

Azkenik, Mendezek adierazi du beharrezkoa dela instituzioen eta eragioleen arteko lankidetza eta konfiantza-esparru bat ezartzea, ahalik eta lasterren definitzeko zein den lehen gauzatu daitekeen alternatiba, eraginkorrena eta finantzazioa izango duena, lehenbailehen errealitate bihur dadin. Testuinguru horretan, metroko 4. lineako proiektua idazteko eta lanak egiteko prozesua azkartzeko bide bat ezarri nahian, iragarri du 48 orduko epean EH Bilduk mozio bat erregistratuko duela 2025eko urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko.