AKTUALITATEA


| 2021-07-01 11:22:00

Bizkaiko Batzar Nagusien Kontrol Osoko Bilkuran, ekainak 30, Gernikako Batzar Etxean, Iratxe Arriolak eta Arantza Urkaregik galderak egin dituzte eta hidrogenoari, Aldundiaren kontratazio politikei eta Gaztelugatxeko tiketing zerbitzuari buruzko zalantzak mahai gaineratu dituzte.

Iratxe Arriola legebiltzarkidearen ustez, hidrogenoaren garapena hainbat ikuspuntutatik landu behar da, gizartera iritsi den informazioa erakunde eta komunikabide nagusiek helarazitako mezuetan oinarritzen baita.

"EAEn hidrogenoaren estrategia izeneko plan bat jarri berri da mahai gainean, baina Eusko Jaurlaritzaren 2030erako estrategia energetikoan hidrogenoari buruzko aipamena testimoniala da; beraz, hidrogenoaren plan hau erabat isolatuta dago, ez du loturarik Eusko Jaurlaritzaren indarreko garraio, energia eta abarreko politikekin", adierazi du Iratxe Arriolak.

Aldundiak hidrogeno urdinaren alde gasaren bidez egin duen apustuaren aurrean, "ez dugu uste deskarbonikaziorako bidea denik", azpimarratu du legebiltzarkideak beste aukera batzuen aurrean aukeren kostua aipatuz eta "inbertsio publikoaren ondorioz sektore pribatuaren ekimenetik zer itzulera sozioekonomiko eta eraldaketa espero den" galdetu du.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC delakoak) isun handiak jarri zizkien aholkularitza-enpresei maiatzean, hainbat administrazio publikok egindako kontratazio-prozesuetan iruzurrezko praktikak egiteagatik; besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia.

"CNMCk zehatutako iruzurrezko praktikak berriro ez errepikatzeko eta kontrola, gardentasuna eta enpresa esleipendunak kontratatutako pertsonen lan-baldintza duinak bermatzeko neurriak hartzea", eskatu du Arantza Urkaregik.

Gaztelugatxeko tiketing zerbitzuari dagokionez, Iratxe Arriolak Bizkaiko Foru Aldundiak hartuko dituen neurrien inguruan galdetuko du; izan ere, turismo-agentziek sarrerak kopuru altuetan erosteko aukera dutela salatu zuten hainbat bisitarik. "Horrek espekulazioa eragin dezake, asistentzia bermerik ez ezartzea eta aurretik egindako erreserbak ez gauzatzea", adierazi du Arriolak.