AKTUALITATEA


| 2022-12-14 13:04:00

Bizkaiko Batzar Nagusiek, joan den apirilean aho batez onartu zuten Herrreros tunelaren birgaitzean Aldundiari inplikatzeko eskatzen zion proposamena. Hala ere, aurtengo aurrekontuen eztabaidan Aldundiak ez du horretarako partidarik sartu, are gehiago, EH Bilduk aurtengo aurrekontuetan aurkeztutako zuzenketak, ekimena ekonomikoki hornitu nahi zuenak, gobernuaren gehiengoaren aurkako botoa jaso du.

 

Indar subiranistak Herreros tunela zaharberritzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Las Muñecas mendigunea zeharkatuz Enkarterri eta Castro-Urdiales arteko bide berdeen multzo handi bat lotuko lukeen ia bi kilometroko luzeran bizikletaz eta oinezkoez erabili ahal izateko. Konpromiso berarekin, Iker Casanovak – Eusko Legebiltzarkidea eta EH Bilduren Ahaldun Nagusirako hautagaia – legez besteko proposamen bat eramango du Eusko Legebiltzarrera.

 

Iker Casanova eta Raúl Méndez, egungo batzarkidea, Alen Kultur Elkarteko kideekin batera izan dira, eta bertatik bertara ezagutu dute tunelaren potentziala, baita inguruena ere. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeraren xedea ez da tunela berreskuratzea eta bide berde bat sortzea soilik, baizik eta ingurunearen esku-hartze integrala egitea ondare historiko-industrialeko elementuak babesteko, hala nola kiskaltze-labeak eta meatze-jardueraren beste hondakin batzuk eta gaur egun naturalizatuta dauden elementu artifizialak, hala nola urmael hurbila.

 

Sopuertan aurkitzen ditugun kiskaltze-labeek sustatu beharreko balio historiko eta kulturala dute. Gune erakargarria da, eta balioa erantsiko lieke udalerriari eta eremu osoari” dio Iker Casanovak, eta hauxe erantsi du: “Alén Kultur Elkartea egiten ari den lanak erakundeen onarpena merezi du, eta bat gatoz hori guztia ezin dela bertan behera erortzen utzi”.

 

Raúl Méndezek, bere aldetik, sentitzen du Enkarterriko eskualdea berriro ere Aldundiaren inbertsioetatik kanpo geratzea, bestelako azpiegitura handietarako diru-kopuru handiak bideratzen ari direnean.

 

Iker Casanovak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak denbora gehiegi daramala eskualde horri entzungor egiten, eta garaia dela eskualdea eta bertako ekonomia bultzatzeko balioko duten proiektuetan inbertitzeko.