Bizkaiko eta Uribe Kostako EH Bilduko ordezkari politiko eta instituzionalek Bizkaiko eskualde horretan garatzen ari diren proiektu eta ekimenak partekatu dituzte. Bertan, alderdi subiranistako hautetsiek gobernu taldeak kudeatzen dituzte Sopela, Plentzia, Urduliz eta Lemoizko udalerrietan, baita Uribe Kostako Mankomunitatean ere.
Bizkaiko Birak, EH Bilduren ekimenak, Unai del Burgo Sopelako jarduneko alkatearen eskutik ezagutu du udalerriko etxebizitzaren arazo larriari erantzuteko ekintza plan integrala. Zaintzari dagokionez, Uribe Kostako Mankomunitatea lanean ari da Gorlizen errealitate bihurtzeko eskualdeak behar duen eguneko zentroa.
Berangon, EH Bilduko ordezkariek udalerrian biltzen diren merkataritza gune handien eragina egiaztatu ahal izan dute, eta Artazan, berriz, mugikortasunari eta ibai azpiko proiektuari buruzko hausnarketak egin ditugu, garraio publikoa bultzatzeko beharra azpimarratuz.
Aitor Garagarza Plentziako alkate eta Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakariordeak adierazi duenez, EH Bilduk politika «ekintza zehatzen segida gisa ere ulertzen du. Uribe Kostarako eguneko zentro baten eskaera soziala eraman dugu Bizkaiko Foru Aldundira. Eguneko zentrorik ez duen Bizkaiko eskualde bakarra da gurea, eta eskaera zehatza da Gorlizko medikuaren etxe zaharra zerbitzu horretarako erabiltzea. Era berean, Mankomunitatetik, Getxoko Udalarekin, Foru Aldundiarekin eta hirugarren sektoreko enpresekin batera, lan-prestakuntzako proiektu bat bultzatu dugu, egoera ahulean eta kalean dauden pertsonentzat, pertsona horiek lan-merkatuan sartzeko aukera izan dezaten. Gauza txikiak dira, baina orain arte Uribe Kostan egin dena baino politika sozialagoa egiteko modu bat bideratzen ari gara».
Iker Casanova, EH Bilduko batzarkidea eta Bizkaiko bozeramailearen esanetan, «Uribe Kostan, zorionez, jendearen konfidantza gero eta handiagoa da gugan eta horrek ahalbidetzen du baliabide instituzional gehiago kudeatzea, beti jendearen zerbitzura. Horren adibidea da mankomunitatetik eskualdeko etorkizunari buruz bultzatu diren hausnarketa estrategikoak eta baita ere, mankomunitatetik eta herriz herri bultzatzen ari diren politika sozial desberdinak etxebizitza arloan, zaintza arloan, ingurumenean eta dena, politika demokratiko, garden eta partehartzailearen marko baten baitan».