Euskal Herria Bilduk Bizkaiko bost deiadar mendiak (Kolitza, Ganekogorta, Sollube, Oiz eta Gorbeia) igotzeko ekitaldia ospatu du gaur eta, eguraldi txarrari aurre eginez, asko izan dira ekimen honetan parte hartu dutenak. Iker Casanovak, Bizkaiko Foru Aldundiko hautagaiak, adierazi duenez, EH Bilduren “helburua argia da, Bizkaian inoizko emaitzarik onenak lortzea”, baina “badakigu hori lortzeko inoizko ahaleginik handiena egin beharko dugula”. Horrela, Oiz mendi tontorretik dei egin dio Bizkaiko gizarteari “maite dugun Bizkaia eraikitzearen egitasmoaren partaide izatera. Auzolan erraldoi eta eder honen partaide izatera”.
Casanovak esan duenez, “Bizkaian demokrazia maite dugu eta horregatik gure arbasoak Gernikako haritzaren azpian biltzen ziren; Bizkaian justizia maite dugu eta horregatik langileriak langile mugimendua sortu zuen; Bizkaian askatasuna maite dugu eta horregatik hemen aldarrikatu zen lehenengo aldiz euskal herriko independentzia; Bizkaian berdintasuna maite dugu eta horregatik iraultza feministaren irudiek mundua harritu zuten”.
“Maite dugun Bizkaia egunero eraikitzen dugu, lanean, klasean, lagunekin, etxekoekin… baita ere instituzioetan”, gaineratu du. Ildo horretan, EH Bildurentzat maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak “aukera paregabea” direla “maite dugun Bizkaia eraikitzen jarraitzeko” azpimarratu du.
Casanovaren esanetan, “jauzi bat eman nahi dugu”, eta helburua EH Bilduk Bizkaian “inoizko emaitzarik onenak lortzea” da. “Ez dugu mugarik. Bizkaiko gehiengoa EH Bilduren boto emaile potentziala da, EH Bilduren proposamena Bizikaiko gehiengoaren zerbitzura baitago”, nabarmendu du.
“Karrantzatik Ondarrura, Bermeotik Urduñera, Bizkaia langile eta soberanista, feminista eta ekologista zuri, gorri eta berdea, eta baita ere morea. Maite dugun Bizkaia, denon artean, egingo dugu!”, adierazi du EH Bilduren hautagaiak.