AKTUALITATEA


| 2023-05-24 13:26:00

Iker Casanova ahaldun nagusigaiak eta Maria del Rio Bilboko alkategaiak etxebizitzaren aldeko eskubidea bermatzearen aldeko EH Bilduren apustua berretsi dute. Ildo horretan, Casanovak EH Bilduk Bizkaiko metropoli-eremu osoa tentsiopeko eremutzat hartzea eskatuko du, besteak beste, alokairuaren prezioak mugatzeko helburuarekin.

Casanovak azaldu duenez, “gazteek, batez beste, 1.300 euro irabazten dituzte hilean, eta soldataren erdia baino gehiago bideratzen dute etxebizitzara; beraz, gazte askorentzat ezinezkoa da emantzipatzea”. Gainera, zehaztu duenez, “kontuan izan behar da Bilbo Handia gazteen langabezia handiena duten Europako 20 metropoli-eremuen artean dagoela, eta % 38,5era iristen dela”.

Bere esanetan, “hipotekak eta alokairuak igoera onartezinak izaten ari dira euskal familientzat eta pertsonentzat, eta, horren ondorioz, milaka pertsonak beren auzoa edo hiria utzi behar izan dute”. “Etxebizitza benetako drama da pertsona askorentzat: gazteak, familiak, adinekoak… Ezinbestekoa da neurriak hartzea, eta EH Bilduk hala egingo du”, azpimarratu du.

Horrela, Bilbo eta Bizkaiko metropoli-eremu osoa tentsiopeko eremutzat hartzea eskatuko duela EH Bilduk iragarri du, besteak beste, alokairuaren prezioak mugatzeko helburuarekin. Era berean, etxebizitza babestuen % 100 alokairukoak izatea defendatuko dutela, eta % 15 eta % 20 artean gazteentzat izatea proposatuko dutela gaineratu du.

“EH Bilduren lanari esker” Madrilen onartutako Etxebizitza Lege berriak “neurri eraginkorragoak hartzeko aukera eskaintzen” duela, eta EH Bilduk hori egingo duela “etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak martxan jarriz” ziurtatu du. “Botere publikoak behartuta daude eskubide hori bermatzera, eta ezin dute beste alde batera begiratu, orain arte etxebizitza negozio bihurtuz egin duten bezala. Etxebizitza eskuratzea eskubide bat da, eta ez luxu bat”, nabarmendu du.

Ildo berean, Maria del Riok gogorazi duenez, “Bilbon emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da, Europako beste hiri batzuetan baino beranduago, eta horrek eragina du Bilboko gazteen bizi-proiektuen garapenean; izan ere, egungo batez besteko alokairua 824 eurokoa izanik, gazte askok beren auzoetatik edo hiritik alde egin behar izaten dute etxebizitza bat eskuratu ahal izateko”. “Bitartean, 5.000 etxebizitza huts ditugu Bilbon”, zehaztu du.

Maria del Rioren esanetan, “etxebizitzak negozio izatetik eskubide izatera igaro behar du, eta berehala egin behar du”. Azaldu duenez, EH Bilduk “neurri eraginkorrak” proposatzen ditu hori lortzeko: “alokairuaren prezioa mugatzea proposatzen dugu eta azken urteetako igoera saihestea”. “Era berean, udal bulego bat sortuko dugu, etxebizitzen prezioei eragiten dion legez kanpoko etxebizitza turistikoen gorakada mugatzeko, eta alokairuzko udal etxebizitza publikoen egungo eskaintza biderkatuko dugu, hiri osoan banatuta, eraikuntza berriekin, baina batez ere hutsik dagoen etxebizitza erosita”, adierazi du Bilboko alkategaiak.