AKTUALITATEA


| 2021-10-19 17:03:00

Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordeak La Navaleko instalazioak bisitatu ditu gaur goizean, EH Bilduk eskatuta. Bisitaren ostean, Iker Casanovak La Navaleko instalazio bikainak berriro jardunean jartzea eta erabilera industrialera bideratzea eskatu du. Lursail horiek gaur egun logistika enpresa baten jabetzakoak izatea dakarren mehatxuaren aurrean, Casanovak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bermeak bilatzea, lur horiek ez daitezen biltegi logistiko hutsak izan, non eta Ezkerraldean, industria lehenbailehen suspertzea behar-beharrezkoa den eskualde batean.

EH Bilduren iritziz, horretarako ezaugarri ezin hobeak dituen eremu batean jarduera industriala suspertzeko beharra agerian utzi du bisita honek. Era berean, alderdi subiranistak ondare, kultura eta memoriaren altxor erraldoi hau kontserbatzeko eta balioesteko beharra aldarrikatu du. Hori dela eta, apirilean mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, lursail horiek industria-jarduerarekin ezinbestean lotzea eskatzen zuena. Horrez gain, lursail hauek industria-ondare gisa katalogatzeko eta, horrela, bere kontserbazioa bermatzeko ere jasotzen zuen mozio horrek, eta proposamen honek gainerako taldeen babesa jaso zuen.