AKTUALITATEA


| 2026-02-06 09:29:00

Lan saioa ospatu du Durangon, Aldundiaren proiektuari egindako alegazioak partekatzeko

 

 

Mendien Foru Arau berriak egungo erronka ekologiko eta sozialei aurre egiteko tresna baliagarria izan behar duela uste du EH Bilduk. Testuinguru horretan, formazio soberanistak hainbat alegazio eta proposamen aurkeztu ditu, Bizkaian basogintzaren kudeaketa iraunkor, askotariko eta parte-hartzailea lortzeko.

 

Egungo araudia 1994koa da. Arau-proiektu berria joan den urtarrilean aurkeztu zuen Bizkaiko foru Aldundiak eta orain Batzar Nagusietan kudeatzen ari da. Orain eztabaidatzen ari garen araudi berriak baso-lurzoruko 132.000 hektareari eragiten die, hau da, Bizkaiko azalera osoaren % 60ri. Herrialdeko lau lursailetatik hiru ( % 76) jabetza partikularrekoak dira.

 

EH Bilduk proposatzen dituen alegazioek norabide aldaketa bilatzen dute Bizkaiko mendien kudeaketan, monolaborantza intentsibo txikiagoa eta mendi bizi, erresiliente eta guztion onerako neurriak proposatzen dituzte. Helburua ez da egurra ekoiztea soilik, baizik eta lurzorua, ura, biodibertsitatea, paisaia eta mendiaren eginkizun soziala babestea, herritarren parte-hartzea eta mendiak modu arduratsuan kudeatzen dituztenei bidezko konpentsazioa bermatuz.

 

Ekimen garrantzitsu hau partekatu eta sakontzeko asmoz, EH Bilduk lan-saio bat egin du Durangon, mendien kudeaketaren arloan ezagutzen eta lan egiten duten militzantzia eta hautetsien parte-hartzearekin. Datorren astean amaituko da alegazioak aurkezteko epea.