AKTUALITATEA


| 2021-03-26 14:24:00

Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak eta Exabier Arrieta Basauriko zinegotziak Baskonia fabrika zaharreko lurrak bisitatu dituzte gaur goizean, eta horiek udalerriari bueltatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.


EH Bilduko senatariak gogorarazi duenez, «Lurraren Estatuko erakundeak, SEPESek, interes publikoari erantzungo dion eta bi aldeak asetuko dituen akordio bat lortzeko asmoa agertu zuen. EH Bildutik argi daukagu lur horiek zonaldearen berroneratzearen parte izan behar dutela eta, horregatik, lur horien lagapena lehenbailehen egitea eskatzen dugu».

 

Gauza bera adierazi du Basauriko EH Bilduko zinegotziak. Exabier Arrietak azpimarratu duenez, 1300 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen HAPOren hasierako proposamenaren aurrean, EH Bilduk proiektua berrikusteko eta egungo egoerara egokitzeko eskatu zuen. «Proposamen horrek ez die egungo beharrei erantzuten, eta, lurrak deskontaminatu ondoren, 300 etxebizitza inguru eraikitzea eta lurrak kutsatzen ez duen erabilera komertzial eta industriala uztartzea eskatu dugu. EH Bilduk egiten duen proposamena da, eta zonaldea berroneratzea du helburu».


Horrenbestez, EH Bilduk eskatu du Espainiako gobernuak lur horiek bueltatzea eta administrazioen benetako inplikazioa eskatu du, estrategikoa den eremu bat birsortzeko.