AKTUALITATEA


| 2019-05-24 08:16:00

EH Bilduren Ezkerraldeko hainbat zerrendaburu Navaleko langileekin batzartu dira gaur goizean Barakaldon babesa adierazteko eta ontziola defendatzeko duten konpromisoa ere helarazteko. Konpromiso hori eskualdeko sektore industrial osora iristen da, zehaztu dutenez, Ezkerraldea EAJk gobernatzen dituen instituzioek bultzatutako desindustrializazio prozesu baten biktima izan delako. Iker Casanova legebiltzarkidearen hitzetan, “EAJ patronalaren esanetara egoten da beti, eurena burdinazko aliantza da, elite ekonomikoen interesen alde eta langileen lan baldintzen kontra”.

Horren ildotik, Casanovak salatu du “EAJ mozorroturik etorri dela Barakaldora hauteskunde kanpainan, Ezkerraldearen eta langileen defendatzailea dela irudikatu nahian, baina hori gezurra da”. Izan ere, “Ezkerraldea Euskal Herriko adierazle ekonomikorik txarrenak ditu” eta “Euskadi Buru Batzarrean ezagutzen duten buzo bakarra iturginena da, euren sare klientelarra koipeztaturik edukitzeko erabiltzen dutena, alegia”.

Barakaldon Navaleko langileekin egindako bileran bertako alkategai Maria Solar ere izan da, bai eta Iker Gil Portugaletekoa eta Mikel Izquierdo Sestaokoa ere. Izaskun Duquek ere hitza hartu du. Bera da Batzar Nagusietarako EH Bilduren zerrendaburua Enkarterri-Ezkerraldeko barrutian eta, salatu duenez, instituzioek eskualde batzuetan zerbitzuen sektorea lehenetsi dute azken urteotan, industriaren kalterako. “Lan baldintzak prekarizatzea ekarri duen prozesu horren adibidea da hainbat tokitan lurzoru industrialen erabilera aldatu izana, bertan Amazon bezalako enpresak instalatu ahal izateko”.

Politika horiek Bizkaia pobretzen dutela ohartarazi du Duquek, eta, horren aurrean, espezializazio handiko enpresak erakartzearen aldeko apustu egin du. Horretarako, egun erabiltzen ez diren lurzoru industrialak berreskuratzea proposatu du eta, horrekin batera, kinka larrian dauden enpresei laguntzeko 50 milioi euroko funts bat sortu behar dela berretsi du.