AKTUALITATEA


| 2021-05-13 13:39:00

Merkatu eta Lehiakortasunaren Batzordeak zenbait aholkularitza-enpresek kartel bat osatu zutela salatu ondoren, EH Bilduk instituzio eta enpresa publikoek horiekin sinatutako kontratuen inguruko azalpenak eskatu ditu.

Atzo argitaratu zen txostenaren arabera, aholkularitza-enpresek haien artean ez lehiatzea erabaki zuten eta herritarren kontura ahalik eta mozkin gehien lortzea helburu izan zuten. Egoera horren aurrean beharrezkoa da argitzea zenbateko kalte ekonomikoa eragin den eta instituzioek zer nolako neurriak hartuko dituzten horrelako praktikak kontratazio publikoetan gerta ez daitezen.

EH Bilduren ustez, instituzio eta enpresa publikoek gardentasuna eta herritarren interesa defentzan oinarritu behar dira eta badirudi oraingoan gabezia nabarmenak egon direla.

Kontratuak instituzio ezberdinetan

Izan ere, aholkularitza-enpresen kartel horrek hainbat kontratu sinatu ditu azken hamarkadan Bizkaiko hainbat instituzio eta enpresa publikorekin. Horrela gertatu da, adibidez, Bizkaiko Aldundiarekin edota Bilbo, Barakaldo eta Sestaoko udalekin.

Hori dela eta, EH Bilduk Unai Rementeria Ahaldun Nagusiari gai honen inguruan galdetuko dio hurrengo Kontrol Plenoan eta beste hainbat galdera egingo ditu aholkularitza-enpresen kartelak kaltetutako udal ezberdinetan.