Foru Aldundiak legegintzaldi honen hasieratik garatu dituen politiken azterketa egin du EH Bilduk gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkuran. Indar subiranistaren iritziz, «Bizkaiko foru Aldundiak legegintzaldi honetarako bere hiru proposamen izar diseinatzeko erabili duen logika neoliberala da, planeta osoa aurrekaririk gabeko krisi ekologiko eta soziala sortu duen logika berbera alegia».
EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanova batzarkidearen hitzetan, «auto pribatuaren erabilera sustatzea da Lamiakoko subflubiala proiektuaren helburua; bestalde, Guggenheim-Urdaibai proiektuan ez da kontutan hartu inolako garapen jasangarriaren edo gobernantza demokratikoaren irispiderik; eta azkenik, egin duten erreforma fiskala atzerakoiaren helburu nabarmena da aberatsen poltsikoa ez ukitzea eta haien presio fiskala ez igotzea».
Aldez aurretik, Iker Casanovak Palestinako egoera aipatu du, eta hauxe proposatu du Bizkaiko ganberan: «Nazio Batuetan eman diren urratsen eta Israel palestinar herriaren aurka egiten ari den genozidioa gogortu izanaren ondoren, funtsezkotzat jotzen dugu beste urrats bat ematea Bizkaian ere eta hurrengo mailara pasatzea: Bizkaiko Fforu Aldundia Israelekin dituen harreman ekonomiko, komertzial, kultural eta kirolekoak haustea».
Jarraian, eta Bizkaiko gobernuak aplikatzen jarraitzen duen formula neoliberalen aurrean, Bizkaiak lidergo politiko berria behar duela esan du batzarkideak, «aurre egiteko, ikuspegi komunitario batetik, aurrean dauzkagun erronka erraldoiei. Behar dugu administrazio publiko gardenagoa, eraginkorragoa eta eredugarriagoa. Behar dugu gainera, administrazioak dauzkan baliabideak handitzea, aldaketa fiskal sakon baten bidez zerbitzu publikoak zabaltzeko eta hobetzeko».
EH Bilduk proposatzen du eredu ekonomiko jasangarria bultzatzea, «industria aurreratuan oinarrituta lurraren osora hedatzen dana Bizkaia polizentrikoaren kontzeptuaren baitan. Eta hori guztia egin behar da hiru zehar-lerrotik abiatuta, alde batetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bestetik, pertsona guztien eskubide aukeraren berdintasunetik; eta hirugarrenik, jasangarritasun ekologiko eta ingurumenekoa».
Iker Casanovak hainbat arlotako proposamenekin osatu du bere hitzaldia, hala nola gobernantza-ereduarekin, industriarekin, mugikortasunarekin, gizarte-politikekin, kulturarekin, kirolarekin, euskararekin eta memoria historikoarekin. Sexu-indarkeriaren ondorioz krisian dauden biktimei arreta emateko zentroari dagokionez, EH Bilduk proposatu du, besteak beste, plantilla handitzea, urtebeteko epean legelari bat eta sikologo bat emanez.