EH Bildu abstenitu egin da Gernikan egindako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, Bizkaiko foru Aldundiak aurkeztutako aurrekontuen bozketan, koalizio soberanistak eta Bizkaiko Gobernuak adostutako 33 milioi euroko proposamen sorta zabalaren truke. Bizkaiko aurrekontuak onartu dira gaur, aldeko 31 bozkekin, EHren 15 abstentzioekin eta kontrako 5 botorekin.
Bizkaiko EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanovak balioan jarri ditu koalizio soberanistak aurrekontuen proiektuari gehitutako neurriak, izandako negoziazioan, hasieratik, EH Bilduk mahai gainean jarri zituen ildo estrategikoei dagozkienak, hau da, etxebizitzari, pertsonen zaintzari, trantsizio ekosozialari, garraio iraunkorrari eta mugikortasun jadsangarriari dagozkien aurrekontu-partidak.
Casanovaren hitzetan, onartutako neurriak «positiboak dira, onak Bizkaiko hiritargoarentzat, guztiek hobetzen dituztelako jendearen bizi-kalitatea eta eskubide eta zerbitzu publikoak». EH Bilduk uste du merezi zuela akordiorako aukerak aztertzea, nahiz eta proiektua aurrera aterako zen, «epe labur eta ertainean Bizkaiko herritarrentzat hobekuntzak lortzeko». Casanovak berretsi du, nolanahi ere, onartutako aurrekontuak ez direla EH Bildurenak, eta horren ostean, koalizio soberanistak hartutako jarreraren balio politikoa berretsi du.
Osoko bilkuraren hasieran, EH Bilduko Bizkaiko batzarkide berria den Urtzi Ostolozagak bere jesarlekua hartu du. Eneritz Zabalaren ordez sartu da Ostolozaga batzarkide gisa.