AKTUALITATEA


| 2021-06-23 15:11:00

Izaskun Duquek eta Bea Ilardiak egoitza-plazak eta enplegu publikoak handitzea eskatu dute gaur Gernikan, eta gardentasunean, desberdinen artean adostean eta parte-hartze aktibo eta errealean oinarritutako gobernantza eredua defendatu dute.

"Gizarte Ekintza Sailak pandemian zehar Gizarte Urgazpenerako Foru Erankundean (GUFE) egindako aldaketek urrunetik datorren estrategia pribatizatzaile eta murriztaile bati erantzuten diote", esan du Izaskun Duquek, Foru Gobernuaren estrategiarekiko ezinegon eta desadostasun bihurtutako kezkan oinarrituta. "Aldundiak ez du enplegu publikoa bultzatuko, ez du GUFE indartzearen alde egingo", deitoratu du.

Duquek zehazten ditu egoitza-sare publikoaren pribatizazio-prozesua berresten duten datuak: haur eta nerabeentzako egoitza-harrerako baliabideen plaza guztien %86,5 kudeaketa pribatukoak dira. Nagusientzako eta ezgaitasuna dutenentzako plaza gehienen kudeaketa ere esku pribatuetan uztea erabaki da. Adineko pertsonentzako egoitzen sarearen egoera bereziki kezkagarria da. Foru Erakundeak plazen % 2,5 baino ez du kudeatzen.

"Horregatik, gaur plenoan eztabaidatuko den mozioa aurkeztu dugu kudeaketa publikoko nagusientzako egoitza-plazak handitu eta langile publikoen plaza kopurua handitzeko", azaldu du Izaskun Duquek.

Gardentasunari eta parte-hartze aktibo eta errealari dagokienez, Bea Ilardiak esan du "EAJren eta PSEren eredua lau urtean behin bozkatzearen alde" dagoela, eta hori dela bi proiektuen arteko alde nagusia, "Foru Gobernuak prentsako titularretara eta Interneteko atari batera mugatzen du gardentasuna".

Horrela, EH Bilduk gardentasuna, ezberdinen arteko adostasuna eta benetako parte-hartze aktiboa defendatzen ditu.

PPk errenta aitorpenaren inguruan aurkeztutako mozioari dagokionez, Urko Lopez batzarkideak  esan du Sektore Publikoaren kalitatea eta baliabideak jaisten direnean eta edozein iragazki, traba edo erraztasun falta aurrea jartzen zaienean sistemak ondo funtzionatzen duela esatea iraingarria dela bizkaitarrontzat.