AKTUALITATEA


| 2025-03-26 15:03:00

EH Bilduk galdetu dio Batzar Nagusietako osoko bilkuran Bizkaiko Aldundiari, Urdaibain egin behar duen entzute prozesuaren inguruan erabakiak hartzeko orduan, benetan erabaki demokratikoa hartu nahi duten edo antzerki hutsa izango ote den.

 

«Duela gutxi diputatu nagusiak Guggenheim-Urdaibai gaineko erabakia ez dagola hartuta esan zuen» ekarri du gogora EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanovak. «Gustatuko litzaiguke hori berrestea» proposatu dio Casanovak Elixabete Etxanoberi «eta hori horrela baldin bada, eraiki dezagun denon artean Busturialdeko etorkizuna, non herritarrek iritzia aintzat hartuko den».

 

EH Bilduren aburuz, prozesuaren sinesgarritasuna «egingo den kudeaketaren araberakoa da, hau da, entzuketa egitea positiboa da, baldin eta aintzat hartuko den herritarren borondatea».

 

Iker Casanovak salatu du «behin eta berriro Guggenheim Urdaibai inguruko prozesuan orden logikoa» aldatzen ari dela. «Badirudi batzuk hasieratik erabaki zutela museoa erabakitzea. Geroago erabaki zuten plan estrategiko bat egitea eta azkenean erabaki dute jendea entzutea. Gure ustez, logika politikoak eta demokratikoak kontrako prozedurak jarraitzera eramaten gaitu, hau da, lehenengo jendea entzun, eskualdearen beharrak, eskaerak, proposamenak zeintzuk diren ezagutzeko,eta horren ondorioz, plan estrategiko marko orokor bat egin, eta azken momentuan, egokia ikusten bada, proiektu bat edo bestea martxan jarri».

 

«Gure beldurra da -gaineratu du Casanovak- artikulatu den prozedura dagoeneko hartuta dagoen erabaki bat janzteko edo geruza demokratiko bat emateko antzerki bat izango den, eta horregatik eskatzen diogu konpromisoa hartzea eskualdearen borondatea aintzat hartzeko eta, horren arabera, proiektua egin ala ez. Hori izango da kotoizko froga, bestela antzerki baten aurrean egongo ginateke edo iruzur baten aurrean».

 

Euskararen aurkako oldarraldia

 

Bestalde, Aldundiak bere hurrengo LEPetarako finkatzen hasi den euskara eskakizunen lasaitzeari dagokionez, eremu judizialetik euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean «ausardia falta» leporatu dio Rakel Goñi batzarkideak Foru Aldundiari. Baldintzak aldatzea «erabaki onartezina» da EH Bilduren ustetan, eta «ateak irekitzen ditu» funtzionarioek «euskararen ezagutza inoiz egiaztatu behar ez izateko».