Iker Casanovak, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak, EH Bildurentzat zaintza “herri erronka” dela adierazi du eta “zaintza eredu berri baterako trantsizioaren beharra” azpimarratu du, “eredu publiko, komunitarioa eta doakoaren aldeko apustua eginez”. Casanovak adierazpenok gaur Sestaon egin ditu Izaskun Duque batzarkide eta hautagaiarekin batera egindako agerraldian.
Bertan, adierazi duenez, biztanleriaren zaharkitzeak zaintza beharrizanak areagotu ditu, eta, oraindik ere, zaintza egun emakume eta familien ardurapean jartzen da. Horrela, zaintza eredu berri bat defendatu du, “zainduak diren pertsonak eta beren beharrizanak erdigunean jartzen dituen eredua, hain zuzen ere”.
“Bizitzaren garapena ahalik eta autonomia gehienarekin, norberak bere inguruan jarraitzeko eredu bat. Zaintza, herri erronka den heinean, eremu pribatuaren erantzukizuna izatetik, familiatik, eremu publiko-komunitarioaren ardura izatera igarobidea egin behar dugu”, gaineratu du. Ildo horretan, EH Bilduk hasi duela trantsizioa nabarmendu du eta Usurbil, Hernani eta Elorrio bezalako esperientzia eredugarriak aipatu ditu.
Casanovak ohartarazi duenez, egungo zaintza-sistema, “oro har, defizitarioa da, erakunde publikoek ez baitiote beharrezko lehentasuna eman” eta, “utzikeria horren ondorioz, gaur egun Bizkaiko zainketak merkantilizatuta daude, eta milaka eta milaka emakumeren lan prekarioan oinarritzen dira”.
“Guk, EH Bildun, sistema hori errotik aldatu eta zaintza publiko, komunitario eta doakoaren aldeko apustua egiten dugu, eta ez adinekontzat bakarrik, baizik eta zaintza beharra duen guzti-guztientzat”, nabarmendu du.
Izaskun Duquek, Bizkaiko Foru Aldundiak adineko pertsonentzako bi egoitza berri eraikiko dituela iragarri du, bata Sestaon eta bestea Abadiñon, bakoitza 120 plazakoa. Aldundiaren proiektuak “kudeaketa pribatuko egoitza handien egungo ereduarekin jarraitzea planteatzen duen bitartean; EH Bilduren ustez, lurraldean ere zainketa-ereduaren trantsizioa hasteko aukera handia izan daiteke”. Horrela Duquek Bizkaiko EH Bilduk bi udalerri horietan eredu publiko-komunitario hori lortzeko prozesua abiaraztea proposatzen duela iragarri du, lurralde osora zabaltzen jarraitzeko.
“Eraldaketa sakona da, beraz, EH Bildutik proposatzen duguna. Eta sakona den heinean, bere zailtasunak eta erresistentziak ditu eta izango ditu, baina egin daiteke, eta egin egin behar da, zaintza eskubidea bat delako eta eskubide unibertsal gisa ulertuta, erdigunean jarri eta behar diren moduko politikak egin egin behar direlako”, azpimarratu du.