Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusigaiak EH Bilduk saihesbidearen lanak azkartzeko duen konpromisoa azaldu du gaur Ermuan, ahalik eta lasterren errealitate izan dadin. Joan den astean ‘Saihesbidea ya’ herri plataformarekin bildu zen eta konpromiso hori sinatu zuen. Casanovak adierazi duenez, “Ermuan behar-beharrezkoa den azpiegitura bat eraikitzea baztertzen bada, Aldundia gobernatzen dutenek bigarren mailako herritzat jotzen dutelako da”.
Iker Casanovak Diana Urrea Nazioarteko idazkaritzako kidearekin eta Paul Yarza Ermuko alkategaiarekin batera egindako ekitaldian egin ditu adierazpenok. Bertan ziurtatu duenez, EH Bildu “azpiegituren alde dago, betiere ingurumenaren iraunkortasunarekin bateragarriak badira eta horren beharra zehaztuko duen azterketa argi bat egin bada”.
Haren ustez, Bizkaian “obra zentzugabeak egiten ari dira, eraikuntza-enpresen onurarako, eta bitartean bizkarra ematen ari zaie behar-beharrezkoak diren proiektuei”. Hori dela eta, Casanovak Ermuko saihesbidea eraikitzeko lanen azkartzea aldarrikatu du, izan ere, “herriak egunero milaka ibilgailuren eta kamioien trafikoa jasaten du”.
Azpiegitura garrantzitsuak
Era berean, Casanovak adierazi du EH Bilduren ustez Bizkaian azpiegitura garrantzitsuak daudela, eta horiek bultzatu eta osatu egin behar direla, hala nola metroaren 4. eta 5. lineak; Renferen C1 eta C2 lineen hobekuntza, C2ren kasuan, lurperatze bat barne, eta Errekaldeko zubibidea eraistea. «Behar ez diren obrak egiten ari dira, eta behar direnak atzeratzen ari dira», kritikatu du.
Bestalde, Paul Yarzak adierazi du “Ermuko PSE-EAJren gobernuaren bulego politikaren aurrean, herritarren parte-hartzeak eredu berriaren oinarria izan behar duela. Pertsonak erabakien erdigunean egongo diren eredu bat. Izan ere, guretzat demokrazia ordezkatzailea izateaz gain, parte-hartzailea ere izan behar da”.
Yarzak herritarren zerbitzura dauden azpiegituren aldeko apustua egin du, herritarren partaidetzako prozesuen alde, alokairu soziala sustatzearen alde eta etxebizitza-bulego bat sortzea sustatzearen alde. Mugikortasuna, iraunkortasuna, euskararen garapena, berdintasuna, kirola, jarduera fisikoa eta tokiko garapena hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu. Era berean, desberdintasun sozialekin amaitzen duten politikak eta zainketa sistema publiko komunitarioa defendatu ditu, besteak beste.
“Gure lana da herritarrei erakundearen ateak irekitzea eta zaharkituta dagoen eta egungo beharrei erantzuten ez dien eredua aldatzea. Ermuak berehalako aldaketa behar du eta herritarrekin batera lortuko dugu. Egingo dugu”, azpimarratu du.