AKTUALITATEA


| 2023-05-14 18:44:00

Iker Casanovak, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak, gaur ohartarazi du “Bizkaian lehen sektorea galtzen ari garela”, eta, beraz, “akordio sozial eta politiko zabal” bat lortzeko beharra defendatu du, “lehen sektorea jasaten ari den gainbeherari buelta emateko eta suspertzeko formulak bilatzeko, eragile guztiak, partikularrak, kolektiboak zein erakundeak inplikatuz”. “Gure lehen sektorea, gure arrantza, gure nekazaritza, gure abeltzaintza, eta basogintza jasangarria berreskuratzeko ildoak zehaztuko dituen akordio zabala”, azpimarratu du.

Casanovak gaur egin ditu adierazpen horiek Lemoako ekitaldi batean. Bertan, Eukeni Bikarregi alkategaiak eta Jasone Agirre legebiltzarkideak parte hartu dute. Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak Bizkaia “polizentrikoa” defendatu du, “sare gisa eratu behar dena, non nodo bakoitzak, tamaina desberdinekoak izan arren, nortasun propioa eta proiektu estrategiko propio bat garatu ahal izateko gaitasuna izan behar duten”.

Eta, esan duenez, Arratiak “nodoetako bat izan behar du, eta gaitasuna eman behar zaio analisiak egiteko, horiek garatzeko tresnak, eta erakundeen laguntza publikoa izan behar du, Arratia azken aldian desindustrializazio-prozesu batean murgilduta dagoelako, eta prozesu horrek inguru horretan bizi diren pertsonen aukerak mugatzen dituelako”.

Lemoa aldaketaren adibidea

Bestalde, Casanovak Lemoa jarri du Euskal Herria Bilduk sustatzen duen aldaketaren adibide gisa. “Feudo jeltzaltzat jotzen ziren lurraldeak beste modu batera, ezkerretik, kudea daitezkeela erakusten duen adibidea da Lemoa”, esan du. Ildo horretan, gaineratu duenez, “Lemoan, herriko politikak txokoetan puruak erretzen definitzetik, gobernantza ireki eta parte-hartzailera igaro da. EAJren txiringitoa izatetik, herritar guztien artean udalerriko kultura-politikaren eta azpiegituren ildo nagusiak garatzera igaro da”.

Hain zuzen ere, Eukene Bikarregik adierazi du ilusio handiarekin aurkezten dela, orain arte zinegotzi moduan egindako lanari beste ardura batetik jarraipena emateko, eta Lemoarako oraina baina bereziki etorkizuna duen proiektu politiko bati jarraipena emateko.  “Bizi dugun garaiak pertsonak erdigunean jarri eta zaintza mekanismoetan arreta berezia jartzea eskatzen digu, erronka hau bikoitza delako, ekologikoa eta soziala. Horregaitik, pertsonak eta bizi garen ingurunea babestea izango da gure lehentasuna. Bihotzean daramagun eta gure buruetan irudikatzen dugun Lemoa horretara heltzeko lanean eta borrokan segituko dugu, herriko ahots guztiak entzun eta balioan jartzeko konpromisoa berretsiz”, nabarmendu du.