AKTUALITATEA


| 2023-05-19 22:53:00

Iker Casanovak Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak “gobernantza eredu berri bat, irekia eta gardena”, defendatu du Alonsotegirentzat eta Bizkaia osoarentzat. “Alonsotegi izan da EAJren kudeaketa eta praktika txarren eredu. Bizkaiak eta Alonsotegik gobernantza irekia eta gardena, herritarrak eta euren iritziak eta beharrak kontuan hartuko dituena eta herria erantzukizunez kudeatuko duena behar du” adierazi du Casanovak, Diana Urrea Nazioarteko Idazkaritza taldeko kidearekin eta Unai Arregi alkategaiarekin batera egindako ekitaldian.

Bertan, EH Bildu erakundeak gobernatzeko beharra azpimarratu du “orain arteko eredua aldatzeko, behetik gora egiten den eredua ezartzeko; herritarren eskutik, eredu gardena eta zintzoa ezartzeko”.

 “Eta seguru gaude lortuko dugula”, adierazi du. Bere esanetan, “EH Bilduk Enkarterrira ere aldaketa ekarriko du Mankomunitatetik hasita, izan ere emaitzetan gora egingo dugu, herritarren interesak eta beharrizanak gardentasunez eta erantzukizunez defendatzen dituen aukera bakarra EH Bildu delako”.  

Unai Arregik hurrengo urteetan Alonsotegiko erronkak asko izango direla adierazi du eta horiei aurre egiteko EH Bilduk “talde onena” duela nabarmendu du, “pertsona zintzoak, langileak, herria eta auzoaren beharrak hurbiletik ezagutzen dituztenak eta udal arloan eskarmentu handikoak”.

Arregik maiatzaren 28an “asko dagoela jokoan” ohartarazi du, “herriaren gobernantzaren eredua: gardentasuna eta partehartzea, azpikontratatuko zerbitzuen kontrola, azpiegitura publikoak, bidegorriaren lotura…”.  “Erronka guzti horiei aurre egiteko prestatua dagoen taldea osatzen dugu EH Bilduk eta seguru gaude herria norabidez aldatuko dugula, egin behar dugu, maite dugun Alonsotegi eraikitzeko”, nabarmendu du.