Iker Casanovak Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak arrantzaren sektoreak “berebiziko garrantzia” duela eta “babestu eta bultzatu egin behar” dela adierazi du. Era berean, Bizkairako itun agroalimentarioa proposatu du. Casanovak adierazpen hauek gaur Bermeon egin ditu, Arrain Azokaren baitan, “kontserba-industriaren eta arrantza-industriaren erakusleiho garrantzitsuan”. Casanova, Asier Larrauri alkategaiarekin eta Idurre Bideguren senatariarekin batera egon da.
Casanovak EH Bilduk arrantzaren sektorearen defentsan egindako lan garrantzitsua gogorarazi du. “Duela gutxi, gure senatari Idurre Bidegurenek, akordio historikoa lortu zuen; izan ere, bere lanari esker, itsasoko emakumeek, saregileek, neskatilek eta paketatzaileek erretiroa hartzeko adina lau urte aurreratu ahal izango dute, eta, horrela, emakumezko langile horien diskriminazio argi batekin amaituko da, eskubide hori aitortzen ez zitzaion sektoreko kolektibo bakarra baita”, esan du .
Baina, ez hori bakarrik, esan duenez, beste akordio garrantzitsu bat lortu du EH Bilduk aste honetan; bere ekimenez, hirugarren herrialdeetatik inportatutako arrantza-produktuen trazabilitatea eta kontrolak hobetuko dira. “Uste dugu sektorearen ahotsa izan garela hainbat ekimenekin, eta hala izan dadin lanean jarraituko dugu; izan ere, gogoratu beharra dago azken 40 urteetan lehen sektorea, Europako eta tokiko politikek bultzatuta, pisua galtzen joan dela”, nabarmendu du.
Egoera horren aurrean, Bizkairako itun agroalimentarioa proposatu du, “bere helburua da lurraldeko elikadura-ereduari buruzko hausnarketa partekatua egitea eta plan eraldatzaile bat proposatzea, lehen sektorea duintzeko, tokiko ekonomia bultzatzeko, eta lurralde orekatua modu jasangarrian kudeatzeko”. ”Azken batean, gure lehen sektorea, gure arrantza, gure nekazaritza, gure abeltzaintza eta basogintza iraunkorra berreskuratzeko jarraitu beharreko ildoak zehaztuko dituen akordio handi bat”, azpimarratu du.
Elikadura-subiranotasuna eta industria jasangarri eta aurreratua
Asier Larraurik Bermeon arrantza-sektorean funtsezkoa dela azpimarratu du, “gure herrian familia asko bizi da sektore horretatik, bai itsasoan bertan arraina harrapatzetik eta baita arrain hori kontserban ipintzetik”
Adierazi duenez, “batzuek gure herriarentzat eta eskualde honentzat duten proposamen bakarra turismoa da”. Bere ustez, gure eskualdearen erakargarritasun aprobetxatuz, “turismo jasangarriaren alde lan egin behar dugu, ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik”, baina, ohartarazi duenez, “ezin da izan apustu bakarra”.
Ildo horretan, azaldu du EH Bildu “eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean lantzen duen potentzialtasunak aprobetxatzearen alde egiten duela”. “Elikadura-subiranotasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta tokiko ekoizleei lagunduko diegu elikadura-etorkizuna ziurtatzeko. Ekoiztu eta erosi hemen”, esan du.
Horrez gain, “ikerketan eta berrikuntzan aurrera” egin nahi du EH Bilduk, eta “industria aurreratua eta jasangarria bultzatu, horrela bakarrik sor daitezkeelako kalitate handiagoko lanpostuak”. “Zonaldea biziberritzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta EH Bildu da behar dugun aldaketa bultzatzeko alternatiba bakarra”, nabarmendu du.
Azkenez, Arrain Azokaren testuinguruan, kontserberatan eta arrantza sektorean lan egiten duten emakume guztientzat lan-baldintza duinak aldarrikatu ditu Larraurik. “Ez da kasualitatea sektore feminizatuenak gutxien baloratutako sektoreak izatea”, esan du. “EHBilduk sektore feminizatu horien lana aitortu gura du, euren lanik barik ezer ez zelako bardina izango, eta herritarren lan-baldintzak hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Gure udalerriaren motorra izan zarete, zarete eta izango zarete”, azpimarratu du.